Lasterbidean, nazio elkartasun lasterketaren bigarren edizioan parte hartzeko dei egin zuten zapatuan Arrasaten, bailarako zenbait korrikalarik, beste batzuen artean.
Azaldu zutenez, iaz jaio zen ekimena, korrikaren esparrutik, euskal errepresaliatuen eta euren gertukoen eskubideen aldeko elkartasun keinu gisa; izan ere, ekimenekoen hitzetan, ehunka dira etxetik urrun bizi diren euskal herritarrak; espetxean, ihesean edo deserrian, oinarrizko eskubideak urratuta. Bada, egoera hori irauli eta elkartasun urratsak emateko 1.200 lagun batu ziren iaz Oiartzunen egin zen Lasterbidean lasterketan; baina korrika egin ez arren, beste hainbat ere gerturatu ziren elkartasuna adieraztera, zapatuan Arrasaten azaldu zutenez.
Aurkezpenean azpimarratu zuten moduan, desagertzeko bokazioarekin jaio da Lasterbidean.
Aurtengoa, Larrabetzun
Iazko bide beretik, Larrabetzun egingo da aurtengo edizioa, maiatzaren 18an, eta iaz moduan bi lasterketa egingo dira: 7,6 kilometrokoa bata; eta 3,2koa, bestea.
Izen ematea dagoeneko zabalik dago, www.lasterbidean.com helbidean, lasterketa luzerako. Laburrerako, berriz, egunean bertan eman beharko da izena. Lasterketaz gain, ekintza gehiago ere egongo dira, 11:00etan hasi eta 19:00ak bitartean.