Mozorrotzea gustuko?

Imanol Gallego 2014ko ots. 18a, 08:15

20 bat urte dituen argazkian ikusten den moduan, garaiko gazteek ederto pasatzen zuten.
Azken hamarkadetako Aratusteen bilakaera aztertu dugu gaian aditu zein aritutzt har ditzakegun hiru herritar ezagunekin: Andoni Altzelai, Iñaki Gurrutxaga 'Harristi' eta Rosi Otadui 'Katanga'-rekin. Arrasatearren mozorroez, sasoi bateko 'play-back' jaialdiez eta martitzeneko eta zapatuko jaien lehiaz jardun dute.

Bailaran Aratuste kontuetan Aretxabaletak ospe handia lortu duen arren, "hemen beti egon da mozorrotzeko zaletasun handia", dio Andoni Altzelaik, SUDC elkarteko kideak. Egia da Arrasaten ez zela desfile edo karrozarik egiten, baina kaleak mamu, mexikar, indiar, superheroiz... bete ohi ziren. "Inguruko enpresekin hitz egin eta gero, hausterre-eguna jaiegun izatea lortu genuen eta urte haietan giroa ezin hobea zen", gogoratzen du Iñaki Gurrutxaga Harristi-k, Aratusteetako Jai Komisioko kideak.

Mende berriarekin batera, baina, martitzeneko festak indarra galdu zuen. "Ez dakit zergatik, baina jendeari kosta egiten zaio mozorrotzea", esan du Harristi-k. Horri buelta emateko asmoarekin, duela hiruzpalau urte,Aratusteetako komisioko kideek jai horien izaera herrikoia biziberritzeko ardura hartu zuten.

Esan eta egin, urte gutxiren buruan, garai bateko martitzenek zuten alaitasunak zapatura egin du salto. "Izugarria da Biteri plaza jendez beteta ikustea", aipatu du Harristi-k. Komisiotik kanpo ere, jende askok antzerako iritzia  dauka. "Beste pertsona bat izatea dibertigarria da; dena den, barruan izaera horren zantzu bat izatea beharrezkoa da", azaldu du Altzelaik. Hura bezalako herritarrei esker iraun du herrian festa pagano horrek.

Disfrutatzeko aitzakia

"Aratusteak alaitasunaren sinonimo dira", esan du Altzelaik. Hura bakarrik mozorrotzen den arren, beti aukeratzen du herritarrekin harremana izateko aitzakiaren bat. "Iaz, lehengo gozoki-saltzailez mozorrotu nintzen", gogoratu du. Altzelairen ustez, beste hainbat herritarrentzat bezala, "mozorrotzea jostagarria da". Alaitasun hori, gainera, kutsakorra da, eta zapatua festa egun handia izatera pasatu da. Giro horrek, gainera, sorpresa ukitua dauka: elkarrizketatu guztiek mozorrotu egingo direla aurreratu duten arren, ez dute argitu zertaz mozorrotuko diren.

Dena den, martitzenak ez du bere Aratuste izaera galdu; gaztetxo ugari irteten dira euren mozorroak erakutsi eta kaleei kolorea jartzera. Gauerdian, baina, sardina erre eta gero, garizuma garaia da. "Ez dut gezurrik esango, Aratusteak sakratuak dira niretzat; garizuma, aldiz, ez dut horren gustuko", aipatu du mozorrotzea urteroko ohitura duen arrasatear batek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak