Aurtengo Santamasak, berritasunez jantzita

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko abe. 12a, 17:30

Asteon aurkeztu dute Santamasetako egitaraua. Ohiko ekintzez gainera, zenbait berritasunekin datoz aurten jaiak Arrasatera. Esaterako, txerri bakarra barik, bi izango dira festetako protagonistak. Bestalde, egitarau guztia uneoro kontsultagarri edukitzeko mugikorrerako aplikazio bat sortu dute Santamas Komisiñoko kideek.

Baserritar jantziak soinean, askotariko ekintzez disfrutatzera irtengo dira arrasatearrak abenduaren 22n. Eta aurten ere ez da faltako neguko azoka famatuko protagonista den txerria; aurten bakarra izan beharrean, bi txerri aterako dituzte kalera: Josemari eta Mariano. "Euskal arrazako txerriak dira. Jabeak bi zituen eta tamaina txikiagoxeagokoak direnez, biak aterako ditugu kalera". Hala azaldu du Xabier Gardoki Santamas Komisiñoko kideak.

Santamasetan bestelako animaliak ere ikusteko aukera egongo da. Laubide Plazan ganadu feria egingo dute eta bertan 17 abeltzainek hartuko dute parte. Biteri plazako hegaztien erakusketan, 7 lagunek eramango dituzte animaliak. Eta Seber Altubeko fruta eta barazki erakusketan, ostera, 21 postu egongo dira ikusgai.

Antzinako sukaldeak

Jokin Zaitegi eta Laubide plaza inguruan, artisau feriaz gozatzeko egongo da Santamas egunean. Beste urte batzuetan baino aritsau gehiagok eman dute izena komisiñotik aditzera eman dutenez. " Guztira 35 izango dira, Arrasate bertakoak, Debagoienekoak eta baita Euskal Herriko beste txoko batzuetakoak ere".

Gainera, azken urteetan bezalaxe monografiko bat landuko da artisauen azokan eta oraino honetan antzinako sukaldeak ezagutzeko aukera egongo da.

Herri bazkarirako txartelak salgai

Santamasetako Herri Bazkariak ere izango du berritasunik, bertako produktuak menuan sartzeko esfortzua egin baitute. Bedoñako ogia egongo da, Gomiztegiko eta Galartzako gazta eta Gatzagako irasagarra.

Aditzera eman dutenez, Musakolako Kiroldegian egingo den bazkarirako txartelak erosi daitezke dagoeneko, 18 eurotan, Monte, Kajoi, Bengoa eta Amaiur tabernetan. "900 lagunentzako tokia egongo da, baina komeni da lehenbailehen erostea", diote antolatzaileek.

Egitarau guztia, 'Santamasapp' aplikazioan

Aurtengo berritasunetariko bat, Santamasetan egongo diren ekitaldi guztien berri jasotzeko, telefonorako aplikazioa ere sortu dutela. Santamasapp deitzen da, eta Android, Firefox OS eta Windows Phonentzako  prestatu dute.  

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak