Udalak jarraipen zorrotza egingo dio lehen sei hilabeteetan herritarren ekarpenak jaso eta zuzendu beharrekoak zuzentzeko. Hirigintza zinegotziaren arabera, asmoa da alde zaharrean ere TAO ezartzea: "Lehen ezarpen honek emango digu emaitza batzuen berri eta zerbait zuzendu beharko balitz, kontuan izango genuke gero alde zaharrera ekartzeko".
TAO sistemak utziko dituen datu esanguratsuen artean, honakoen berri eman du Udalak: zehaztutako gunean 1008 ibilgailu daude zirkulazio-zerga ordaindu dutenak, 500 aparkaleku daude lur gainean eta horietatik 237 pribatuak dira, eta lur azpian, berriz, 945 aparkaleku daude. Aste barruan, Mondragon Unibertsitateak goizetan (13:00ak arte) 300 ibilgailu erakartzen dira bataz beste; arratsaldetan, berriz, 200 ibilgailu.
Egokitzapen lanak, eguraldiaren arabera
Beti ere eguraldiaren arabera, aste honetan bertan hasiko dira unibertsitate ingurua egokitzen. Lehenik eta behin, aparkalekuak margotuko dituzte eta datorren astean hasiko dira txartelak ateratzeko makinak jartzen. Gertek enpresak kudeatuko du zerbitzua, hau da, lanak eurek jarriko dituzte eta baita horien mantenuaz arduratu ere. Zainketa lanez eta isunak jartzeaz ere eurak arduratuko dira, eta ez udaltzainak.
Mugikortasun plana hobetzeko asmoz
TAOren ezarpena Mugikortasun Planaren barruan kokatzen da. Ibilgailu pribatuan "erabilera zentzuzkoa" egitea lortu gura du Udalak: "Arrasatearrei herrian mugitzeko beste alternatiba batzuk erraztea". Norabide horretan zenbait pauso eman dituzte: besteak beste, alde zaharreko oinezkoen gunea hedatzea eta garraio publikoaren zerbitzua indartzea.
Bada, honakoa beste urrats bat da: "TAOren ezarpena ere mugikortasun plana hobetu asmoz dator; aparkalekuetan autoen errotazioa eragiteko ez ezik, autoen zentzuzko erabilpena bultzatzeko", esan du Omer Arregi Hirigintza zinegotziak gaur egindako agerraldian. Harekin batera egon da Juan Antonio Urdangarin Hirigintza Saileko teknikari-burua.
1 gunea, 'Uribarri-Loramendi'
TAOren ordutegia Arrasateko TAO 1 gunea 'Uribarri-Loramendi' gunea izango da eta hiru azpi-eremutan egongo da banatuta. 1.1. Egonaldi motzeko eremua, 1.2 egonaldi ertaineko eremua eta 1.3 egonaldi luzeko eremua. Ondoko argazkian daude zehaztuta gune guztiak.
Informazio guztia Udalaren webgunean eskuragarri
TAOri buruzko informazio guztia Udaleko webgunean dago eskuragarri. Azalpen orokorrak eta egoiliarrek txartela eskuratzeko egin beharreko guztiaren azalpenak aurki daitezke, besteak beste. Tarifak jarraian, aurrerapen moduan.