TAO sistema ezarri duten gunean hiru eremu bereizten dira eta guztietan lehen 90 minutuak doakoak dira. Arimazubi plaza inguruan gehienez 90 minutuz aparkatu daiteke, beraz, gune horretan ez dago tarifarik. Hau da, ez dago ordaindu beharrik. Uribarri etorbidean, gehienez, hiru orduz aparkatu ahal izango da. Eta hirugarren zona, Unibertsitate ingurua, egonaldi luzeko eremua izango da. Ibilgailua bertan eduki ahal izango da aparkatzen den unetik egun bereko arratsaldeko zazpiak arte. Hain zuzen, zazpiak arte izango da TAO sistema martxan. Ez da zerbitzurik egongo zapatuetan, domeketan, jai egunetan eta abuztuan.
Udaletik adierazi dute TAOaren ezarpena mugikortasun plana hobetzeko asmoz egin dela eta gaineratu aparkalekuetan autoen errotazioa eragiteaz gain, autoen zentzuzko erabilpena bultzatzea dela lortu nahi dena.
Udaletik adierazi dute sei hilabeteko epean jarraipen estua egingo dutela neurri zuzentzaileak behar diren baloratzeko. Tarte horretan, orain arte bezala, Udalak komunikazio zuzena izaten jarraituko duela bertako bizilagunekin, komertzioekin eta unibertsitatearekin, haien ekarpenak jasotzeko.
Etorkizunean herriko beste zonalde batzuetan ere TAO sistema martxan jartzea da Udalaren asmoa.