ALBISTEAK

14,8 milioi euroko aurrekontua 2027an, inbertsioak handitzeko

Oier Zumarraga Aranburu

Iazkoa baino %12 handiagoa da, inbertsioetarako ahalmen handiagoa izateko. EH Bilduren aldeko sei botorekin onartu zuten, eguaztenean; EAJren lau zinegotziak abstenitu egin ziren.

Udalak 2027rako 14,8 milioi euroko aurrekontua onartu zuen azaroaren 18ko osoko bilkuran, EH Bilduren aldeko sei botorekin eta EAJren lau abstentziorekin. Aurreko urtekoa baino %12 handiagoa da. Gari Iturbe alkateak azaldu zuenez, aurrekontua 2026ko kreditu-aldaketarekin batera ulertu behar da: 1,3 milioi euroko aldaketa onartu zuten, eta, dekretu bidez bideratutako beste 200.000 euro gehituta, 1,5 milioi izango dira urtea amaitu aurretiko proiektuak bultzatzeko. Gobernuak datorren urteko lanak aurreratu nahi ditu, aurrekontu berria indarrean sartu aurretik.

Inbertsioak bideratzeko

Azken kreditu-aldaketa diruzaintza-gerakinarekin finantzatuko dute. Frontoia egokitzeko 600.000 euro gehituko dituzte; padel pistetarako, 420.000; eta Lausitta kaleko proiekturako, 120.000. Zenbateko horiek lehendik zeuden partidak osatzeko dira, proiektuak lizitatzeko behar den dirua bermatzeko. Udal Gobernuaren arabera, azken aurrekontu-aldaketarekin 6,3 milioi euro bideratuko dituzte 2026ko inbertsioetara. Aurreko urtetik erabilgarri zeuden kredituak gehituta, kopurua ia zortzi milioi eurora iritsiko da. Proiektuak 2027aren amaierarako gauzatzea dute helburu, "hasieran ezarritako egutegiaren arabera". Era berean, jakinarazi zuten Andra Mariko lanak eta Iturrizarko igogailua lizitazio prozesuan daudela. Frontoiko obrak –jada proiektua idatzita–, Ilargi parkea eta auzo-baratzeak ere lizitatzeko asmoa dute azken aldaketak onartu ondoren. Iturbek onartu zuen nahi baino motelago egin dutela aurrera, proiektu batzuk egokitu egin behar izan dituztelako eta zenbait lizitaziotan enpresarik aurkeztu ez delako.

Datorren urteko aurrekontuan Loramendi osteko urbanizaziorako 400.000 euro jaso dituzte; kiroldegiko instalazioetarako, 368.000; eta kuarteleko hobekuntzetarako, 200.000. Landa-eremuan ere hainbat esku-hartze aurreikusi dituzte: auzoetako argiteria hobetzea, zuntz optikoa zabaltzea, baserri-bideak konpontzea eta ur-deposituetan kloratzeko sistema automatikoak jartzea. Lausittako hornidura eta saneamenduko planaren proiektua ere lizitatuko dute, etorkizunean lanak gauzatu ahal izateko. Horrez gain, umeen parkeak berritzeko inbertsioak egingo dituzte, eta, herriko argiteria modernizatzeko, 500 luminaria LED teknologiara aldatzen dihardute.

Ongizatearen aldeko apustua

Ongizateko aurrekontua %8 handituko dute. Iturbek etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileen baldintzak hobetzeko egindako ahalegina nabarmendu zuen, baita POBA proiektuaren jarraipena ere. Eskoriatzako Udalarekin elkarlanean, arreta psikosozialeko zerbitzuaren baldintzak hobetzeko lanean ere aritu dira. Uretz taberna berriz zabaltzeko ahalegina egingo dute, eta haurrentzako eta nerabeentzako psikologia zerbitzua martxan jarriko dute. Eskolaz kanpoko jardueretarako dirulaguntzak ere mantenduko dituzte.

EAJren kritika

Mikel Uribetxebarria EAJko bozeramaileak kritikatu zuen aurrekontu handiak ez direla gauzatutako proiektuetan islatu. Jeltzaleen arabera, azaroan, 2026rako aurreikusitako inbertsioen %20 baino ez zegoen eginda. Andra Mariko urbanizazioaren, frontoiaren eta Lausittako lanen atzerapenak aipatu zituen. "Agintaldi honetako arazoa ez da diru falta izan, proiektuak gauzatzeko gaitasun falta baizik", adierazi zuten jeltzaleek.

2027ko aurrekontuetarako hainbat proposamen egin zituen EAJk: Uretz ondoko lokalean adinekoentzako elkargunea egokitzea, oinezkoentzako pasabideak hobetzea eta herriko zein auzoetako mantentze-lanak indartzea. Uribetxebarriaren arabera, Gobernuak ongi hartu zituen ekarpenak, baina ez zuen horietarako partida zehatzik jaso. Halaber, aurrekontuaren zirriborroa Ogasun batzordea baino bost egun lehenago jaso izana kritikatu zuen, aztertzeko eta ekarpenak egiteko denbora gutxi izan zutela iritzita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak