Aretxabaletako Udalak herriko kaleak, plazak eta espazio publikoak genero ikuspegitik aztertzeko prozesua abiatu du. Nolako Atxabaltan bizi nahi duzu? lelopean, herritarren eguneroko esperientziak eta proposamenak bilduko dituzte, herriaren antolaketak eskaintzen dituen erraztasunak eta sortzen dituen oztopoak identifikatzeko. Astelehenean aurkeztu zuten egitasmoa, Gernika plazako azokan jarritako informazio puntuan.
Udalak berdintasuna hainbat arlotatik lantzeko konpromisoaren barruan kokatu du ekimena. Ainhoa Sanchez Berdintasun zinegotziak azaldu zuenez, "hirigintzan ere genero ikuspegia txertatu nahi dute", herritarren behar eta errealitate desberdinak kontuan hartzeko. Horretarako, ezinbestekotzat jo zuen herritarren iritziak jasotzea, egunerokoan erabiltzen dituzten espazioak eta aurkitzen dituzten zailtasunak ezagutzeko.
Herritarren bizipenak oinarri
Hiritik At kooperatiba arduratuko da diagnosiaren lanketa teknikoaz. Herriko kaleen, plazen, parkeen eta ibilbideen ezaugarriak aztertuko ditu, herritarren parte-hartzearekin batera. Izaskun Narbaiza kooperatibako kideak azaldu zuenez, espazio publikoen azterketa teknikoa ez da nahikoa herritarren eguneroko beharrak ezagutzeko. Horregatik, herritarren bizipenei garrantzi berezia emango diete, mugikortasunean, segurtasunean, zaintza-lanetan eta espazio publikoen erabileran sortzen diren zailtasunak identifikatzeko.
Galdetegia, abenduaren 4ra arte
Herritarren ekarpenak jasotzeko galdetegia zabaldu dute, eta abenduaren 4ra arte erantzun ahal izango da. Internet bidez bete daiteke, baita paperean ere, udaletxean, Arkupen, liburutegian, osasun zentroan, kiroldegian eta TRIL Atxabaltako Txoko Feministan.
Horrez gain, abenduaren 1ean herri ibilbideak egingo dituzte, kale eta plazetako baldintzak bertatik bertara aztertzeko. Bi txanda antolatu dituzte: 09:30etik 11:30era eta 17:30etik 19:30era. Bi kasuetan, Karmele Igartua aretoan elkartuko dira parte-hartzaileak. Ibilbide horietan, herritarrek eguneroko joan-etorrietan aurkitzen dituzten arazoak eta hobetu beharreko guneak identifikatzeko aukera izango dute.
Proposamenak lantzeko saioa
Diagnosia ez da herritarren iritziak jasotzera mugatuko. Bildutako informazioarekin, herriko espazio publikoak hobetzeko proposamenak ere landuko dituzte. Abenduaren 15ean egingo dute horretarako saio irekia, 17:30ean, TRIL Txoko Feministan. Bertan, ordura arte jasotako ekarpenak aztertu eta egin daitezkeen esku-hartzeak landuko dituzte.
Bestalde, herriko elkarte eta eragileen parte-hartzea sustatzeko lanketa ere abiatu dute. Bereziki, ohiko parte-hartze prozesuetara iristeko zailtasun handiagoak dituzten pertsonen iritziak jaso nahi dituzte.
Azkenik, 2027ko martxoan beste saio ireki bat egingo dute, diagnosiaren emaitzak eta landutako hobekuntza proposamenak aurkezteko.