Haurren eskubideak aldarrikatzeko ospakizuna egingo dute hilaren 20an, Aretxabaletan

Oier Zumarraga Aranburu

Udaleko eta guraso elkarteetako ordezkariak, egitarauaren kartelarekin, martitzeneko aurkezpenean. 

Arizmendi eta Gurabarri guraso elkarteek, Udalarekin elkarlanean, egitarau bateratua antolatu dute lehenengoz. Horrez gain, Indiako Ankur umezurztegira bidaltzeko arropa-bilketa ere jarri dute martxan.

Haurren Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira, lehenengoz egitarau bateratua antolatu dute Aretxabaletako Arizmendi eta Gurabarri guraso elkarteek, Udalarekin elkarlanean. Azaroaren 20an izango da ospakizuna, eta martitzenean aurkeztu zuten egitaraua. Haurren eskubideak aldarrikatzea eta elkartasuna sustatzea izango dira ekimenaren ardatzak, herriko hezkuntza komunitatea elkartzearekin batera.

Haurrak, protagonista

Arizmendiko guraso elkarteko Ibon Gonzalezek ikastetxeen arteko elkarlanari eman nahi izan zion garrantzia. Haren esanetan, ekimenak komunitatearen balioa erakusteko aukera emango die haurrei, baita beste herrialde batzuetako haurren egoeraz jabetzeko ere. "Mezu solidario hori umeei heltzea" espero duela adierazi zuen.

Gurabarri guraso elkarteko Nerea Elorzak ere ospakizunaren eta aldarrikapenaren arteko lotura nabarmendu zuen. "Haurrak protagonista" izango direla azaldu zuen, arratsaldeko jarduerak haientzat prestatu dituzte eta. Hala ere, gogorarazi zuen ez dela jai hutsa izango; izan ere, "haurren eskubideen inguruan gurasoek eta ikastetxeek egin beharreko lana ikusarazteko" aukera ere bada.

Indiara bideratutako laguntza

Elkartasunak beste herrialde batera ere eramango du ekimena; azaroaren 11tik 19ra nesken pijamak eta barruko arropa bilduko dituzte Almen, Basabeazpi eta Kurtzebarri ikastetxeetan, Indiako Ankur umezurztegira bidaltzeko. Arropak berriak edo ia berriak izan beharko dute. Mumbain dagoen zentroan 2 eta 14 urte arteko 220 neskatila bizi dira, eta Arrasateko Harreman elkarteak urteak daramatza umezurztegiari laguntzen; batez ere, ekonomikoki.

Aldarrikapena eta ospakizuna

Azaroaren 20an, arratsaldeko bostetan, giza katea egingo dute Herriko Plazatik Mitarte kaleraino. Ondoren, 18:00etan, eskulan tailerrak eta Kidam magoaren saioa izango dira Mitarten. 18:30ean, txokolate-jana egingo dute; eta 19:00etatik 20:30era, DJ Mikeltxik girotuko du arratsaldea. Jasotako dirua Indiara arropa bidaltzeko gastuak ordaintzeko erabiliko dute. Harreman elkarteak informazio-mahaia jarriko du, proiektuaren berri emateko.

Egitaraua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak