Mikel Artolak Jon Sarasuari egindako hainbat elkarrizketen emaitza da Hondoaz galde. Elkar Argitaletxearekin batera argitaratu dute, eta, giza espeziearen galdera existentzialei tira eginez ondu dute lana Jon Sarasua aretxabaletarrak eta Mikel Artola alegiarrak. 'Biderako Sintesiak' saileko lehen liburu honetan, espiritualitatea, galdera existentziala eta erlijioa dira gai nagusiak. "Gizakiak espezie bezala dauka galdera existentzialerako irekidura bat; zentzu bilaketarako irekidura bat. Guzti honen azpian badago hondo bat, eta hori izango litzateke, nolabait, galdera espirituala. Espirituala delako galdera existentzial horretan egiten den jarduna", adierazi zuen Sarasuak atzoko liburuaren aurkezpen ekitaldian.
Lanketari dagokionez, Artola izan da elkarrizketatzailea eta Sarasua elkarrizketatua, eta, hamazazpi ataletan banatuta, liburua estilo zuzenean idatzi dute edukia ahalik eta ulergarrien egiteko. Horrez gain, elkarrizketatu eta elkarrizketatzailearen adin tarteak ere "formatua aberastu" duela nabarmendu zuen aretxabaletarrak: "Oso aberatsa izan da intelektualki jantzia den ni baino 25 urte gazteagoa den pertsona bat nigana etortzea zenbait galderekin. Iruditzen zait bi belaunaldien arteko elkarrizketa hori aberatsa dela eta horrelako gai delikatuak daudenean gauzak azaltzea erraztu egiten duela".

'Biderako Sintesiak' saileko lehen liburua da Hondoaz galde, eta Sarasuak adierazi zuen, badutela beste liburu batzuk egiteko besteko edukia. Gaineratu du, ondo bidean, bigarren bat argitaratuko dutela hurrengo urtean.
GOIENAren eta Loramendiren elkarlana
Euskal kulturan eragiteko eta sustatzeko helburuarekin, GOIENAk, Loramendi euskara elkartearen laguntzarekin antolatu zuen ekitaldia. 50 lagun inguru bertaratu ziren Karmele Igartua aretora, eta, behin aurkezpena amaituta, txaloz saritu zuten Sarasua. Horrez gain, aretoan salgai jarri zituzten liburuaren hainbat ale, eta guztiak agortu ziten.