HEMEN DEBAGOIENA Handik hona

Alexander Seiler: "Etxean nago; mendiak bertako askok baino hobeto ezagutzen ditut"

Idoia Aranbarri Arzuaga

Euskaldunak eta alemaniarrak "antzekoak" garela dio: "Ez zaigu gustatzen itzulinguruka ibiltzea".

32 urte daramatza Debagoienean Alexander Seilerrek (Karlsruhe, Alemania, 1961); lehen urteetan Arrasaten bizi izan zen, baina 2000an lekualdatu zen Aretxabaletara. Kafe baten bueltan, bazkide den Uratz Alde elkartean erantzun ditu GOIENAren galderak.

Hiru izen dituzu.

Nire gurasoei galdetu beharko diezu zergatik. Normalean, bi izen jartzen dituzte Alemanian. Norberarena eta aita-pontekoarena. Nire kasuan, Walter nire aitona zen; Dietmar, berriz, aitaren lagun bat. Han, emakumeek abizena aldatzen dute ezkontzen direnean, eta abizen bakarra daukat.

Nola oroitzen duzu zure haurtzaroa?

Ondo. Orain denaren erdia zen lehen Karlsruhe. Etxe batzuk zeuden, zelaia, basoa. Aretxabaletaren antzeko zerbait zen. Gaur egun, hiria da. Espainiako Ondorengotza Gerrako lerro zaharrak zeuden, eta han ibiltzen ginen bizikletekin gora eta behera.

Noiz arte bizi izan zinen han?

18 urterekin batxilergoa egin nuen; gero, gaur egun existitzen ez den soldaduska. Unibertsitatera joan nintzen, bost urtez. Erasmus egiteko aukera izan zuen lehenengoetako ikaslea izan nintzen, eta Bostonera joan nintzen. Itzuli, eta masterra Ingalaterran egin nuen. Doktoretza ere han egin nuen, eta orduan ezagutu nuen nire emaztea dena. 1992-1993an joan zen hura hara, eta, hona itzuli behar zuenean, lana bilatu zidan. Arrasatera 1994ko azaroan iritsi nintzen, eta 2000. urtetik bizi naiz Aretxabaletan.

Erraza izan zen etortzeko erabakia hartzea?

Gaur egun, buruari buelta gehiago emango nizkioke. Etortzea pentsatu nuen, eta ikusi ea harremanak funtzionatzen zuen. Egundoko esperientzia ari da izaten. Orduko neskalagunarekin nago ezkonduta, eta oso ondo nago hemen. Ama daukat han, baina nire bizitza hemen dago.

Aurrez ezagutzen zenuen Euskal Herria?

Ni lehen aldiz hona bidaia batean etorri nintzen, motorrean, lagunekin, 1982 inguruan. Bilbora blai-blai eginda iritsi ginen. Ondo tratatu gintuzten, baina bustita geunden. "Zer da hau?", galdetzen genuen. Santanderreraino iritsi ginen, eta ez zitzaigun batere gustatu. Burgosera joan ginen, eta Zaragozara iritsi ginenean, egosita geunden. Azkar alde egin genuen.

"Nondarra naizen galdetzen badidate, San Martingo bazkidea naizela erantzuten diet"

Gerora izan zenuen, ordea, Euskal Herriaren berri.

Bai; Ingalaterran ezagutu nituen ikasleek kontatzen zidatena. Hona etorri nintzenean, ordea, lauburu bat ikusi eta esbastika borobila alderantziz ikusten nuen. Ez nekien zer zen, baina gerora ikasi dut.

Etorri zinenean, atzerritar bakarrenetakoa izango zinen; Atxabaltako alemana zinen?

Ia atzerritarrik ez zegoen, baina nire aitaginarreba herrian ezaguna zen. Ez nintzen alemana, baizik eta Juanitoren suhia.

Bizimodu ezberdina daukagu?

Ez nuke esango. Bizitza hemen konplikatua da, baina han konplikatuagoa. Han oso ondo bizi nintzen gurasoen etxean, baina hango administrazio publikoa drama hutsa da. Hemen ere bada, baina ez horrenbesterainokoa. Aretxabaleta 7.000 biztanleko herria da. Karlsruhe, 300.000 biztanlekoa, baina hiri kanpoaldean bizi nintzen. Bilbok eta Aretxabaletak ezberdintasun gehiago dauzkate ni bizi nintzen auzoak baino.

Zu zeu aldatu egin zara?

Nire alabek alemana naizela esaten didate, baina ezin dizut erantzun. Euskaldunak eta alemaniarrak oso antzekoak gara. Ez zaigu gustatzen itzulinguruka ibiltzea. Batzuetan esaten dut andaluziarrena neu naizela.

Zer baloratzen duzu gehien Aretxabaletan bizi izatetik?

Etxean nago. Mendiak bertako askok baino hobeto ezagutzen ditut. Zergatik joan oporretan urrutira? Hemen inguruan geratu gaitezke. Pare bat astez Alemaniara joaten gara, ordea, alabekin.

Zinegotzi ere izan zinen Aretxabaletako Udalean.

Esan behar dut lau urte haietan asko ikasi nuela, baina burokrazia arazo handia dago. Gustura nago egindakoarekin; gazteak sartu daitezela.

Nongoa sentitzen zara?

Euskalduna, alemaniarra edo espainiarra naizen galdetzen badidate, San Martingo bazkidea naizela erantzuten diet. Zein konpromiso gehiago behar duzu? Hemen lurperatuko naute, konpromiso handiagorik ezin da eduki. Aretxabaletarra naiz.

Hemen zaudenetik, Alemania ikusteko modua aldatu egin duzu?

Bai; urrunago ikusten dut, aldaketa politiko asko egon direlako. Gainbeheran dago. 

Hizkuntzak ikasteko beharraz

Birritan saiatu da euskara ikasten Seiler, baina, dioenez, ez du lortu ondo hitz egiterik. Ulertzen duela dio, baina hitz egitea kostatu egiten zaiola. Elkarrizketan zehar euskarazko hitzak eta esaldiak erabili ditu, aretxabaletarrez; adibidez: aita, zu ixilik; zuk eztakitzu. Etorri zenean, ez zuen gaztelaniaz hitz egiten, eta ia-ia ez zekien euskara existitzen zenik ere, baina argi dauka hizkuntza bat beharragatik ikasten dela: "Hemengo kasuan, euskararen beharra dago, baina bide erraza dago, gaztelania".

'Bai' ala 'agur'?

Ingalaterran ezagutu zituen hainbat lankide euskaldun, eta haien bitartez eduki zuen lehendabiziko kontaktua eta anekdota euskararekin: "Nik laborategian egiten nuen lan, eta oso arraro hitz egiten zuten elkarren artean. Telefonoz ari zirenean, bai, bai, bai esaten zuten. Nik horrekin ingelesezko bye, bye (agur) ulertzen nuen, eta ez nekien zergatik ez zuten telefonoa mozten. Euskararekin izan nuen lehen hartu-emana izan zen". Solasaldian ikusi da orain hark ere erabiltzen duela bai, bai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak