Aretxabaletako liburutegiak telefonozko ipuin kontaketa antolatu du gaur arratsalderako, Gianni Rodari idazle eta pedagogo italiarraren jaiotzaren urteurrenaren harira. Urriaren 23an jaiotakoa da Rodari, eta ekimena mugikorrarekin egitea, Telefonozko ipuinak, italieraz, Favole al telefono liburuagatik izan da. Haren lana ezagutaraztea eta hari aitortza egitea izan dira ekimenaren helburuak.
Bere karreran zehar hogei liburutik gora idatzi zituen, umore finarekin eta irudimen zorrotzarekin, ironia handikoak. Aipatzekoak dira, ekimen honetarako ideiaren oinarri izan ziren Telefono-ipuinak edo argitaratutako itzulpen liburuaren titulua errespetatuz Telefonozko Ipuinak. 1961eko oinarri horrek balio izan du Aretxabaletan egindako ekimen berritzailerako. Rodariren ipuinak 79 dira, bildumatxo bat euskarazko bertsioan 200 orritik gorakoa eta Jordi Saludes Closaren ilustrazioak dituena. Ipuinok, duela 20 urte euskaratu zituen Idoia Agirre Buldainek. Horietako batzuk kontatu dituzte Aretxabaletan elkartu direnek, baita beste egile batzuenak ere.
17:30ean hasi dira ipuinak kontatzen. Parte hartzaile bakoitzari boluntarioetako batek deitu dio telefonoz, ipuin sorpresa bat kontatzeko. Guztira, hamabi lagunek eman dute izena entzule gisa, eta hamar boluntario aritu dira kontalari lanetan. Adin tarte zabala izan dute ipuinez gozatzen: entzule gazteenak 4 urte ditu eta nagusienak 71. Bereziki pertsona helduek eman dute izena, liburutegitik azaldu dutenez.
Ekimenaren amaieran, 19:30ean, kontalariak liburutegian elkartu dira. Kontalarien artean hitz egin eta kontatu dute nola joan den irakurketa telefonoz, guztiak "oso pozik" zeuden emaitzarekin eta esperientziarekin. Liburutegitik oso modu positiboan baloratu dute ekimena, eta ekimen "polita" izan dela nabarmendu dute.
Ekimen hau ez dugu beste inon egiten denik topatu. Ekimen "xumea" eta "polit" askoa kontatzaile eta hartzaileendako ere. Literaturaren genero hau, istorio laburrena, irakurtzera ohituagoak gaude aspaldian, nahiz eta ahozko jardunetik datozen ipuin horietako asko. Aretxabaletan, ahozkoak hartu du pisua berriz. Herri literaturaren parte diren ipuinak ahoz aho pasatu izan dira gaur egunera heldu diren arte. Aretxabaletan, baita telefonoz ere hamar kontalariei esker.