ALBISTEAK

Aretxabaletako Udal Gobernuak zerga eta tasa batzuk izoztea proposatu du 2027rako

Oier Zumarraga Aranburu

Hobariak zabaltzea eta ordainketak zatikatzeko aukera ere proposatu dute.

Aretxabaletako Udal Gobernuak 2027rako ordenantza fiskalen proposamena aurkeztu du. Zerga eta tasa batzuetan igoerarik ez aplikatzea aurreikusi du, eta beste batzuetan KPIaren araberako igoerak egitea. Proposamena datorren eguaztenean, urriaren 14an, egingo duten osoko bilkuran bozkatuko dute. Udal Gobernuaren esanetan, prezioen gorakadak herritarrei zein Udalari eragiten die, eta familien zama ekonomikoa ahal den neurrian arintzea dute helburu.

Uraren eta hondakinen tasak eta ibilgailuen zerga izoztea proposatu dute. Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (IBIa), berriz, %2,5 igoko litzateke, erreferentziako KPIaren azpitik. Kiroldegiko tasek eta gainerako tasa txikiek %3,1eko igoera izango lukete, Euskadiko uztaileko azpiko KPIaren arabera. Indize horrek ez ditu kontuan hartzen energia-produktuak eta prozesatu gabeko elikagaiak. Gari Iturbe alkateak azaldu duenez, zerga eta tasa bakoitzaren egoera ekonomikoa aztertu dute igoerak zehazteko.

Hobariak eta ordainketak

Hobarien sistema ere berrikusi eta zabaltzea proposatu du Udal Gobernuak. Hobari-taula bakarra ezarriko lukete hobariak dituzten zerga eta tasa guztietarako, familien diru-sarrerak eta kide kopurua kontuan hartuta. Orain arteko diru-sarreren mugak ere handituko lituzkete, egungo egoera ekonomikora hobeto egokitzeko, eta guraso bakarreko familiei arreta berezia eskainiko lieke.

Ordainketak zatikatzeko aukera

Beste berrikuntza bat zergak eta tasak zatika ordaintzeko aukera izango da, herritarrek hala eskatuz gero. Orain arte ordainketa bakarrean egin behar izaten zirenak hainbat zatitan ordaindu ahal izango lirateke. Iturbek nabarmendu duenez, "familia guztiek ez dugu egoera ekonomiko berdina", eta neurri horren bidez herritarren egunerokoa arindu nahi dute.

Alkateak azaldu du udalaren egoera ekonomikoak zerga eta tasa batzuei eusteko aukera ematen duela, zerbitzu publikoen kalitatea orain arte bezala mantenduta. Prezioen gorakadak Udalaren gastuetan ere eragina duela adierazi du, zerbitzuak eta obrak garestitu direlako. Hala ere, udalaren egoera ekonomikoa ona dela nabarmendu du, eta horrek igoerak mugatzeko aukera ematen diela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak