Cerrajera Valle de Leniz enpresak sorrera herrian, Aretxabaletan, egin du 90 urteak ospatzeko ekitaldia, eta, bide batez, nortasun korporatibo berria aurkeztu du, KLABIA izenekoa.
Altzairuzko eta aluminiozko ateetarako sarrailak fabrikatzen hasitako enpresara Miñaoko Parke Teknologikoan –Araba– kokatuta dauden bi konpainia batu zirien duela hamarkada batzuk: DORLET Security eta DORLET Waste. Bata segurtasun integraleko sistemetan eta azpiegitura kritikoetarako soluzioetan nabarmentzen da, eta, bestea, hondakinen kudeaketa adimendunerako teknologian.
Taldeak gaur egun 170 profesional baino gehiago ditu, eta 26 milioi eurotik gorako fakturazioa. Bere jarduera komertziala Espainiako hainbat kokalekuetatik garatzen du, baita nazioartean ere, esaterako, Frantzian, Brasilen, Arabiar Emirerri Batuetan, Mexikon eta Argentinan.
Ekitaldiak gogoratu dute lehenengo urteetan Aretxabaletako etxe baten azpian zegoen oilategian hasi zirela sarrailak egiten. KLABIA taldeko CEO Aitor Goikoetxeak adierazi duenez, "90 urte hauetan gure arrakastaren giltzak honako hauek izan dira: egokitzeko gaitasuna, dibertsifikazioa, berrikuntza, inbertsioa, talentuaren eta pertsonen parte-hartzearen aldeko apustua".

Era berean, KLABIA markaren aurkezpenak inflexio-puntu bat eta eboluzio horretan aurrerapauso berri bat adierazten duela azpimarratu du. "Marka berria taldeari nortasun korporatibo bateratua emateko sortu da, bere negozio desberdinen arteko lotura indartuz eta bederatzi hamarkadatan zehar hazten eta dibertsifikatzen joan den enpresa-proiektuaren dimentsioa agerian jarriz. Talde-proiektu horrek etorkizuneko hazkundea bultzatu nahi du, bere jarduera-esparruetan erreferente bihurtzeko helburuarekin".
Ordezkari instituzional ugari
Urteurren-ekitaldian 300 gonbidatu baino gehiagok hartu dute parte, erakundeetako eta gizarte-eragileetako ordezkariek, akzionistek –tartean, Unai Elkoro eta Olaia Elkoro–, laguntzaileek eta KLABIAko profesionalek, besteak beste.
Aretxabaletan izan dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Industria Sustapeneko sailburuordea Andoitz Korta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatu Unai Andueza, eta Aretxabaletako alkate Garikoitz Iturbe. Haiekin batera, beste hainbat erakunde-arduradunek ere parte hartu dute, eta KLABIAko jabe, lankide eta taldekideekin batera enpresaren historia eta etorkizuna partekatu dituzte.
Aretxabaletako txistulari eta dantzariek inauguratu dute ekitaldia, eta koruak itxi, Mariatxen Urkia pianojolearen doinura.
