ALBISTEAK

'Zintak' proiektuak jaso du Aretxabaletako lehen sormen beka feminista

Oier Zumarraga Aranburu

Itsaso Pagoagak eta Katalin Antxiak baserrietako jantzi zaharretatik ateratako tomate-zintak izan dituzte abiapuntu, baserri-auzoetako emakumeen bizipenak eta jakintza berreskuratzeko

Itsaso Pagoagak eta Katalin Antxiak jaso dute Aretxabaletako proiektu feministen lehen sormen beka, 'Zintak' egitasmoarekin. Aretxabaletako landa eremuko emakumeen jantzi zaharretatik moztu eta tomate landareei eusteko erabiltzen ziren oihal-zintak hartu dituzte abiapuntu, baserri-auzoetako emakumeen bizipenak eta jakintza jaso eta haien memoria berreskuratzeko.

Jantzi horien ibilbideari erreparatuko diote: noiz erabiltzen ziren, zertarako, nola berrerabiltzen ziren eta, azkenean, nola bihurtzen ziren tomate landareak lotzeko zinta. Pagoagak azaldu duenez, ibilbide horren atzean "lanarekiko konpromisoa, ingurunearekiko errespetua, ezagutza eta transmisio itzela" daude. Izan ere, arropa ez zen janzteko soilik erabiltzen; erabilera berriak ematen zitzaizkion haren bizitza baliagarria luzatzeko. Hala, jantziekin izandako harremanetik abiatuta, emakumeen lanari, zaintzari eta bizimoduari ere erreparatuko diete.

Bederatzi auzotako testigantzak

Proiektua Aretxabaletako bederatzi baserri-auzotan garatuko dute: Larrino, Aozaratza, Gorueta, Areantza, Arkarazo, Oro, Isurieta, Galartza eta Apotzaetxebarrin. Datozen hilabeteetan bertako emakumeak elkarrizketatuko dituzte, haien testigantzak bildu eta, ondoren, jasotako materialarekin sormen prozesuari ekiteko.

Antxiaren esanetan, “istorio txikiak” bilatuko dituzte, baina txikiak dira, neurri batean, orain arte atzean egon direlako. Jantziek izandako garrantziaz, bizitzeko eta lan egiteko moduez edo zaintzaz gain, tomate landarearen inguruko jakintza ere jaso nahi dute. Testigantzen bidez, baserrietako egunerokoan pilatutako ezagutza eta belaunaldien arteko transmisioa dokumentatuko dituzte. “Asko dago jasotzeko”, dio Antxiak, eta lan horren garrantzia nabarmendu du, ezagutza hori denborarekin gal ez dadin.

Objektu-liburua eta erakusketa

Elkarrizketetan jasotako materiala aukeratu eta forma artistikoa emango diote gero. Azken emaitza objektu-liburu bat eta herri-erakusketa bat izango dira. Pagoagak azaldu duenez, liburuan irudiak, testuak, eta collageak erbailiko dituzte.

Iragana jasotzeaz gain, gaur egungo errealitateari begiratzeko ere baliatu nahi dute proiektua. Baserrietan arropari ematen zitzaion erabilera eta berrerabilpena abiapuntu hartuta, egungo kontsumo ereduei, zaintzari eta jasangarritasunari buruzko gogoeta sustatu nahi dute. Horrekin lotuta, Pagoagak dio helburuetako bat dela "ezkutuan egon diren makina bat andreren bizipenak, emozioak, lana eta izerdia argitara ekarri eta aitortza egitea".

Urtebeteko epea

Aretxabaletako Udalak maiatzean jarri zuen abian proiektu feministen sormen bekaren lehen deialdia. Bi proposamen aurkeztu ziren, biak herriarekin lotutakoak. Udaleko Kultura eta Berdintasun batzordeetako ordezkariek, mugimendu feministako kideek eta ikus-entzun arloko aditu batek osatutako epaimahaiak 'Zintak' egitasmoa saritu du azkenean.

Pagoagak eta Antxiak 5.000 euro jasoko dituzte, eta hamabi hilabete izango dituzte proiektua euskaraz garatzeko. Ainhoa Sanchez Berdintasun zinegotziak nabarmendu du baserri-auzoetako emakumeen istorioak herriko plazara ekartzea "interesgarria eta aberasgarria" dela. Era berean, bekaren bidez herriko sortzaileen proiektu feministei ikusgarritasuna eman nahi dietela azaldu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak