XI. Mundukide lasterketa, 'Elkartasuna gara' leloarekin

Mireia Bikuña Madrid

Mundukide Fundazioaren kirol eta elkartasun ekimena urriaren 18an izango da, Aretxabaletako Urkulu urtegian, eta bi berritasun izango ditu aurten: alde batetik, minutu bateko isilunea gordeko da lasterketa bakoitzaren aurretik; eta beste alde batetik, zumba saio bat egingo dute, proba hasi aurretik. 

Mundukide Fundazioak XI. lasterketa solidarioa egingo du urriaren 18an. Kirola
eta elkartasuna uztartzen dituen ekitaldiak, beste behin ere, pertsona ugari elkartuko ditu helburu berarekin: lanaren eta lankidetzaren bidez mundu bidezkoagoa eraikitzen jarraitzea. 

Beste behin, hiru modalitate izango ditu lasterketak: ibilkera nordikokoak, oinezkoak eta kooperatiben arteko lasterketa. Aurretik, baina, 2004 eta 2016 urte bitartean jaiotako gaztetxoek izango dute lasterketa egiteko aukera. 10:00etan izango da hori; ostean, 10:15ean, ibilkera nordikokoak eta oinezkoak abiatuko dira; eta, azkenik, 11:15ean, kooperatiben arteko lasterketaren txanda izango da. Irteera orduetan aldaketa egin dute. "Ibilkera nordikokoek, oinezkoek eta korrikalariek bat egiten zuten helmugan, eta zalaparta handia sortzen zen. Guztiak protagonista izan daitezen ordu laurden aurreratu dugu oinezkoena eta ordu laurden atzeratu korrikalariena", esan du aurkezpen ekitaldian Mundukideko ordezkari Urri Urizarrek.

Lasterketa solidarioan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago dagoeneko www.mundukide.org atarian, eta urriaren 13ra arte egongo da parte hartzeko aukera.

Bi berrikuntza

Kirola eta elkartasuna bateratzen dituen ekitaldiak Elkartasuna gara leloa erabiliko du oraingoan. "Munduko hainbat tokitan gatazka armatuek eta gerrek sufrimendua eragiten jarraitzen duten honetan, irteera bakoitzaren aurretik minutu bateko isilunea egingo da. Ekintza horren bidez, elkartasuna indarkeriaren alternatiba eta bakea eraikitzeko bidea dela aldarrikatuko da. Elkarri aurre egin beharrean, elkarlanean aritzeko deia da honakoa", azpimarratu du Urizarrekin.

Bigarren berritasuna Athlon kooperatibaren eskutik etorriko da: zumba saio dinamiko bat egingo dute, parte-hartzaileak berotzeko. 

Athlonen, Ulmaren eta Copreciren laguntzarekin

Athlon, Ulma eta Copreci dira Mundukide lasterketa solidarioaren babesle nagusienak. "Gero eta polarizatuago dagoen mundu batean, non norbanakoen interes pertsonalak interes orokorraren gainetik jartzen diren, Mundukideren ekimen honek gogorarazten ditu gauzak egiteko beste modu bat badagoela", esan du Ulma Taldeko presidente Ibon Calvok. Bestalde, Athloneko kide azpimarratu du "kirolak ere balio du elkartasuna bultzatzeko. Horregatik gonbidatu gura ditugu herritar guztiek ekimenean parte hartzera".

Azkenik, Copreciko presidente Amaia Salbidek Mundukideren "lan eredugarria" azpimarratu du. "Urrats bakoitzarekin eta ekarpen bakoitzarekin, gure hondar alea jartzen dugu Mundukideren proiektuak babesteko eta mundu bidezkoago, justuago eta baketsuago baten alde egiteko".

Modu jasangarria joateko deia

Urriaren 18an Urkulun egingo den lasterketara joateko deia egin diete herritarrei; baina, era berean, modu jasangarrian joatea eskatu dute: bizikletaz, oinez edo partekatutako autoetan. "Lasterketan korrika edo oinez egiteaz gain, Urkulurako bidea ere elkartasunaren", esan dute.
eta planetarekiko konpromisoaren parte izan dadila

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak