Ohiko hitzorduei eutsita datoz Aretxabaletako San Migel jaiak

Oier Zumarraga Aranburu

Irailaren 25etik 27ra ospatuko dituzte jaiak, herriko eragileek antolatutako askotariko ekintzekin

Aretxabaletako San Migel jaiak irailaren 25etik 27ra ospatuko dituzte, ohiko hitzorduei eutsita eta berritasun batzuk gehituta. Ibai Zangitu Kultura zinegotziak azaldu duenez, aurreko urteetan "funtzionatu duten gauzei jarraikortasuna" eman nahi izan diete. Berritasunen artean dago egubakoitzeko Erromerixie Atxabaltan, Mitarte kalean, Korrikan egin zuten formatuari jarraituta. Zangituk herriko eragileen ekarpena ere nabarmendu du: "Haiei esker ateratzen dira San Migel jaiak aurrera". Herritarrak jaietan parte hartzera, baserritar jantziak ateratzera eta balkoietan ikurrinak jartzera animatu ditu.

Loramendi Euskara Elkartea ere egitarauaren parte izango da. Zapatuan talo txosna jarriko du, aurten Herriko Plazan, Mitarte kalean jarri beharrean; eta Beinke-Loramendi dantza emanaldia ere prestatu du. Angel Bergaretxe zuzendaritza batzordeko kideak adierazi du "gogotsu" daudela jaietarako, eta elkartearen jatorrizko helburuari, euskara indartzeari, eutsi nahi diotela. Horren harira, Andramaixetan erabilitako leloa berrerabili du: Emun trague euskeriei.

Domekako hitzordu nagusietako bat Aretxabaletako Abesbatzaren San Migeletako kontzertua izango da, 19:00etan, elizan. Arantxa Akixu abesbatzako kideak aurreratu du "emanaldi oso berezia" prestatu dutela, lan handia eginda, eta abesbatzako kideak jantziekin aterako direla. Kontzertua elizan egitea erabaki dute, "askoz soinu hobea" lortzen delako.

Bestalde, zapatuan puntu morea izango da Mitarte kalean, 20:00etatik 02:00etara. Ainhoa Sanchez Berdintasun zinegotziak azaldu du helburua jaiak berdintasunean eta feminismoan oinarrituta bizitzea dela, eraso matxistarik eta LGTBIAQ+ pertsonen aurkakorik onartu gabe. Erasoren bat gertatuz gero, informazioa, arreta eta babeserako gunea izango da puntu morean eta TRIL Txoko Feministan.

Egitaraua

Irailak 25, egubakoitza

  • 18:00: Aretxabaletako erraldoi eta buruhandien konpartsa, Aretxabaletako gaiteroekin. Ondoren, erraldoien konpartsa.
  • 19:00: Erromerixie Atxabaltan.
  • 21:00: Kantu afaria, Sei Pistols & Trabuko bat taldearekin. Eguraldiaren arabera, Herriko plazan edo Iturrigorri frontoian.

Irailak 26, zapatua

  • 10:00: Artisautza, Nekazaritza eta Bertako Ganaduaren XI. Feria, Durana kalean.
  • 10:00: Diana, Aretxabaletako txistulariekin.
  • 10:30: Haur eta gazteentzako bola txapelketa, bolatokian.
  • 11:00: Talo txosna, Loramendi elkarteak antolatuta, Herriko plazan.
  • 11:30: Leizarra Musika eta Dantza Eskolako trikitilariak, kaleetan zehar.
  • 12:30: Iturengo joaldunak, kaleetan zehar.
  • 12:45: Txalaparta, Durana kalean.
  • 14:30: Elkartasun bazkaria, Iturrigorri frontoian.
  • 17:00: Ad Libitum txaranga.
  • 18:30: Xake erakustaldia, Arlutz Xake elkarteak antolatuta, Herriko plazan.
  • 19:00: Beinke-Loramendi eta Larrin dantza emanaldiak, Herriko plazan.
  • 20:00: Luhartz taldea, Mitarte kalean.
  • 20:00-02:00: Gune Morea, Mitarte kalean.
  • 22:30: Luhartz taldea, Mitarte kalean.
  • 22:30: Helduentzako bola txapelketa, bolatokian.
  • 00:00-03:00: Ai Laket Testing programa, Mitarte kalean.

Irailak 27, domeka

  • 11:00: Diana, Aretxabaletako gaiteroekin.
  • 11:30: Doke txapelketa, Basotxo elkartearen eskutik, Konbentuko lorategian.
  • 13:00: Herri kirolak, Herriko plazan.
  • 16:00: Mus txapelketa, Orly tabernak antolatuta.
  • 19:00: San Migeletako kontzertua, Aretxabaletako Abesbatzaren eskutik, musikariak lagun dituztela, elizan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak