Bost urte betetzen ditu aurten Ikazkin Trail mendi lasterketak. Atzo, martitzena, egin zuten zapatuan egingo den lasterketaren aurkezpena, eta bertan azaldu zutenez, azken urteetako formatu berdinean etorriko da. Lasterkariek bi ibilbide aukeratu ahal izan dute, bata luzea 23,2 km eta 1.300 metroko aldapa dituena, eta bestea motza 14,8 km eta 920 metroko aldapako ibilbidea.
Ibilbideek bere horretan jarraituko dute, eta horrenbestez, 10:00etan Durana kaletik irtengo dira lasterkariak. Hala ere, kale horretako lehen 100 metro neutralizatuak izango dira, lasterkariekin batera Aratz Elkarteko kideak izango direlako, elkarteari ikusgarritasuna emateko helburuarekin.
Parte-hartzearekin pozik
345 pertsonek eman dute izena aurtengo Ikazkin Trailen, eta antolatzaileak pozik agertu dira herritarren harrerarekin. Horietatk 123 pertsona, %35a, dira aretxabaletarrak. Debagoiendarrak berriz 261 dira, parte-hartzaile guztien %75a. Sexuari dagokionean, 64 dira emakumeak eta 281 gizonezkoak. antolatzaileek nabarmendu dutenez, parte-hartzaile beteranoenak 64 urte ditu.
Izena 345 pertsonek eman duten arren, ohikoa izaten da azken orduko bajak izatea. Antolatzaileek azaldu dutenez, horren jakitun dira, eta lanean dabiltza "etxean ahalik eta dortsal gutxien gelditzeko". Durana kalea ahalik eta beteen ikustea nahi dute, eta izen ematea itxita dagoen arren, azken orduan izena emateko interesa izan dezaketen pertsonei antolakuntzarekin harremanetan jartzeko deia luzatu diete.
345 parte-hartzaile horien artean zazpi izen nabarmendu dituzte antolatzaileek, faborito gisara. Horietako bost gizonezkoen kategoriakoak dira: Iñigo Alzola, Asier Azkarate eta Andoni Azkarate arrasatearrak, Aimar Larrea antzuolarra eta Josu Galdez eskoriatzarra. Emakumezkoen artean berriz, bi lehiakide dira faboritoak: Garazi Abasolo aretxabaletarra eta Irene Iturria tolosarra (Gipuzkoa).
Aldaketa denbora kontrolean
Bosgarren edizioko aldaketa nabarmenena denbora kontrolak jasango duen aldaketa izango da. Kurtzebarriko puntan egin zuten aurreko urtean, eta aurten Degurixara lekualdatu dute. Bertara bi ordu eta erditan bertara iristea lortzen ez duten lasterkariak kanporatuak izango dira. Bestalde, lasterketa amaitzeko gehienezko denbora lau ordukoa izango da.
Bi egun dortsalak jasotzeko
Lasterkariek kontuan hartu beharreko hainbat ohar eman zituzten antolatzaileek atzoko aurkezpenean. Dortsalen banaketa, esaterako, Murrukixo Mendizale Elkarteak Durana kaleko 13. zenbakian duen lokalean egingo da. Lasterkariek bi egun izango dute dortsala jasotzeko. Egubakoitzean, hilak 11, izango da lehen deialdia, 19:30etik 21:30era. Bigarrena lasterketaren egunean izango da, 7:30etik 9:30era. Antolakuntzako kideek posible duten parte-hartzaile guztiei, bereziki aretxabaletarrei, dortsala lehen egunean jasotzeko eskaera egin diete.
Bestalde, aurten ere lasterkariek motxilak Udaletxe zaharrean, Loramendiren lokalean uzteko aukera izango dutela jakinarazi dute. dutxa zerbitzua berriz Ibarra kiroldegian izango da, eta 15:00ak arte egongo da martxan. Kirolariek derrigorrez eraman beharreko materiala ere izango dute, zehazki, manta termikoa eta soft basoa, anoa puntuetan likidoa hartzeko. Eraman ezean, lasterkariak kanporatuak izango dira.
Boluntarioen laguntza, ezinbestekoa
Lasterketaren egunean bertan zein aurretiazko lanetan boluntarioek egiten duten jarduna balioan jarri nahi izan dute antolakuntzako kideek. "Herri bateko mendi lasterketa baten bihotza boluntarioak dira, zalantzarik gabe", azaldu du antolakuntzako kide Mikel Zumaldek. Beste urteetan babes handia jaso izan dute, eta aurtengo edizioan ere horrela izan dela nabarmendu dute. Osotara, 60 boluntario inguru egongo dira egunean bertan lanean.
Natura zaintzeko deia
Aizkorri Aratz parke naturala zeharkatzen du Ikazkin Trail lasterketak. Antolatzaileek bertako ingurunea zaintzeko eskaera luzatu diete lasterkariei zein ikustera joango diren herritarrei. Bakoitzak bere edalontzia eramateko eta zaborra lurrera ez botatzeko eskaera zuzena egin dute. Aspektu horretan, anoa postuetan zaborra botatzeko puntuak egongo direla gogoratu dute.
Urkulura autoz joango diren pertsonei ere zuzendu dira antolatzaileak. Autoa partekatzeko eskaera egin dute, ahalik eta auto gutxien bertaratzeko helburuarekin.