Pilota partidek hartu zuten atzo, domeka, aretxabaleta. Lepo bete zen herriko frontoia Lopez De Ocariz eta Betegik Insausti eta Ozaetaren aurka, Bakaikoak eta Imazek Senar eta Ugartemendiaren aurka eta Peña II. eta Albisuk Larrazabal eta Mariezkurrena II.aren aurka jokatutako partidak ikusteko asmoz.
Hala ere, partidak bigarren mailan gelditu ziren, Juan Mari Errasti UDAko pilota saileko arduradun eta entrenatzaileak jasotako omenaldiaren ondorioz. Aitortzak sorpresaz harrapatu zuen Errasti: "Ez nuen ezer espero. Urteekin zerbait helduko zela banekien, beti heltzen da zerbait, baina, ondo gauden momentu batean heldu da. sorpresa izan da, bai, sorpresaz harrapatu nau. Ez naiz ezertaz enteratu, ezta emaztea ere".
Bizi osoa pilotaren bueltan
Bizi osoa eskaini dio Errastik pilotari, eta pilotak berari ere bizia eman diola aitortu zuen omenaldiaren ostean: "Pilota niretzat bizia da. Niri bizia ematen dit". Baserri giroan eta modu informal batean hasi zen pilotan jokatzen: "Ni Koruetakoa naiz. Han elizpea dago, eta bertan ordu asko sartutakoa naiz. Gero baserritik kalera etorri nintzen, eta bertan hasi nintzen jokatzen, frontoian. Hala ere ez nintzen zaletu mailara heldu. Baserrian jaio naiz, eta hori da gustatzen zitzaidana, elizpean eta estiloko lekuetan jokatzea".
Gerora, ordezkari lanak hartu zituen: "Nire aurreko ordezkariak, Etxeberria-Arteunek pasatu zidan kargua. 50 urte baino gehiago pasatu dira ordutik". Aretxabaletako lehen entrenatzailea ere izan zen: "Kiroldegia egin zenean hasi nintzen entrenatzaile lanetan. Ni izan naiz Aretxabaletako lehen entrenatzailea".
Pilota partidak
Hiru partida jokatu ziren egunean zehar. Lehenengo partidan Irati Albizu aretxabaletarrak Lopez De Ocariz bikotearekin mendean hartu zuen Insaustik eta Ozaetak osatutako bikotea. Partida berdindu eta entretenitu baten ostean markagailuan 22 eta 18ko emaitzarekin amaitu zuten.
Profesionalen txanda izan zen hurrena. Bakaikoak eta Imazek ezin izan zuten Senar-Ugartemendia bikotearen aurka, eta 20 eta 22ko emaitzarekin amaitu zen partida. Peña II eta Albisu berriz, nagusi izan ziren Aretxabaletako frontoian, eta 22 eta 15eko emaitzarekin garaitu zuten Larrazabal eta Mariezkurrenak osatutako bikotea.