ALBISTEAK

Loramendiko txistulariak, Andramaixei ongietorria emateko prest

Oier Zumarraga Aranburu 2026ko uztailaren 30a

Pozik hartu dute jaietako pregoia irakurtzeko aukera, eta taldearen kezkak eta ilusioak herritarrei helarazteko baliatu nahi dute momentua.

Loramendi txistulari taldeko kideak “gogoz”, baina “urduritasun puntu batekin” daude Andramaixen ongietorri pregoia irakurtzeko. Abuztuaren 14an, 19:00etan, udaletxeko balkoira igoko dira jaietako pregoia irakurri eta txupina botatzeko; pozik hartu dute Udalak egindako proposamena. Egunari begira oraingoz lasai daude, baina badakite unea gerturatu ahala urduritasuna ere agertuko dela. Pregoieko mezuan azpimarra jarriko dute “errelebo beharrean”. Haien hitzetan gero eta zailagoa egiten zaie taldera jende berria erakartzea. Erreleboa bermatzea eta gazteek tresnarekiko interesa izatea ezinbestekotzat jotzen dute taldearen etorkizunerako.

“Oso gustura jaso dugu proposamena”

Jokin Antxia eta Arantza Bengoa Loramendi txistulari taldeko kideek herriko jaietako hasierari protagonismoa emateko aukera eskaini izana eskertu dute. Urte luzez kalean txistu eta danbolina jotzera ohituta egon ondoren, oraingoan udaletxeko balkoira igoko dira. Pregoiaren aurretik, urtero bezala, udaletxeko atarira iritsiko dira udalbatzarekin batera “Alkate Soinua” kantua joaz. Behin udaletxe aurrean bilduta, “Ikurrinaren Agurra” girotuko dute Aretxabaleta Abesbatzak eta Leizarra Musika Eskolako dantzariek lagunduta. Hori eginda, balkoira igotzeko txanda helduko zaie. Ondoren pregoia, txupina eta konfeti eta serpentina ikuskizuna egongo dira. Bestalde, Andramaixetako beste ohitura bati ere eutsiko diote Loramendiko txistulariek. Abuztuaren 15ean eta 17an, 10:00etan, diana egingo dute herriko kaleetan, jaietako goizak txistuaren doinuekin girotzeko.

Mendeetako tradizioa

Txistuak eta danbolinak Aretxabaletako jaietan duten presentzia, gainera, ez da berria. 1764ko dokumentu batean jasota dago Aretxabaletako herriak Joseph de Vengoa danbolineroa kontratatu zuela hiru urterako, herriko eta bailarako hainbat jai eta ospakizunetan jotzeko. Kontratuan, besteak beste, abuztuaren 15eko Andra Mari eguna aipatzen da. 

Dokumentu originala.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak