Herrikideen eta zaleen aurrean jokatuko dute beste urte batez Aritz Zugasti eta Irati Betegi pilotariek Andramaixetan. Zugastik abuztuaren 15ean ekingo dio jaialdiari, 17:30ean, afizionatu mailan. Erle bikotekide duela, Etxaniz eta Madinagoitiaren aurka jokatuko du. Pilotari eskoriatzarrak gogoz heltzen dio urteroko zitari: "Txikitatik klub honetan hazi nintzen eta beti egon naiz bertan. Oso berezia da hemen jokatzea; are gehiago herriko jaietan. Jendearen erantzuna oso ona izaten da eta giroa ere berezia da". Aurten, gainera, debagoiendar kutsua izango du partidak: Erle oñatiarra izango du bizkartzain; aurkariak, berriz, Bergarako Etxaniz eta Oñatiko Madinagoitia izango dira. Zugastik herritarrak eta inguruko herrietako zaleak Iturrigorrira gerturatzera animatu ditu.
Afizionatu mailako partiduaren ondoren, goi mailako emakumezkoen norgehiagoka jokatuko da: Arrizabalaga-Zabala eta Ruiz de Infante-Bergara ariko dira nor baino nor gehiago.
Betegiren txanda, abuztuaren 16an
Irati Betegik, bestalde, abuztuaren 16an, 17:30ean, jokatuko du afizionatu mailako partidua. Uxue Lopez de Ocarizekin batera, Insausti eta Ozaetaren aurka ariko dira. Betegik gogotsu hartzen du partidua, gutxitan jokatzen duelako herrian, eta, gainera, gertukoen aurrean aritzeko aukera duelako: "Partida oso gogotsu hartuko dut. Lagunak eta familia etortzen dira, eta gertutasun eta berotasun hori asko eskertzen dut". Partidu lehiatua espero du, bi bikoteak parekoak direlakoan: "Irabaztea gustatuko litzaidake, baina batez ere partidu ona egitea nahi dut ". Gainera, aurkari berezia izango du kantxan: Olatz Insaustirekin sarritan jokatu du bikotea osatuta, baina oraingoan aurkari izango du. "Askotan jokatu dugu elkarrekin eta orain kontrako aldean jokatzea zerbait desberdina da. Aurrez aurre aritzea berezia izango da", azaldu du Betegik.
Abuztuaren 16eko jaialdian, afizionatu mailako partiduaren ondoren, profesional mailako Serie B-ko pilotarien txanda izango da: Bakaikoa-Ugartemendia, Zubizarreta III-Lizeagaren aurka. Arratsaldeko partida nagusian, berriz, Peña II-Albisu eta Larrazabal-Mariezkurrena ariko dira.
Txosna Batzordean ere, pilota jaialdia
Txosna Batzordeak antolatutako pilota partiduek ere izango dute bere lekua Iturrigorri pilotalekuan. 19:00etan bi partida jokatuko dituzte: lehenengoan, hain zuzen, Aritz Zugasti pilotari eskoriatzarra eta Olaizola aramaioarra ariko dira aurrez aurre; ondoren, Zubia-Elkorobarrutia eta Igartua-Uribetxeberria bikoteek neurtuko dituzte indarrak.