UDA Kirol Elkartea 2026-2027 denboraldia prestatzen hasia da dagoeneko. Lehen prestaketa fasea uztailaren 30era arte luzatuko da, ondoren atsedenaldia egingo dute, eta Andramaixen bueltan itzuliko dira entrenamenduetara, iraileko lehen asteburuan hastekoa den liga behar bezala prestatzera.
Jokalari joan-etorri handia
UDAk Hirugarren Federazioko 4. multzoan lehiatuko da datorren denboraldian, eta udan izan dituzten baja garrantzisuei aurre egiteko, klubak zazpi jokalari berri lotu ditu dagoeneko. Momentuz baieztatutako fitxaketak Oier Aranburu erdiko atzelaria, Ander Peon euskarria, Imanol Goikoetxea erdilaria, Oier Lete erdiko atzelaria, Lander Gastesi hegalekoa, Markel Regil erdilaria eta Ander Tomas aurrelaria dira. 13 jokalarik utzi zuten taldea iaz, eta ziklo aldaketa honi aurre egiteko, jokalari gazteen "gose" eta "ilusioa" bilatu dute. Fitxaketez gain, Urko Erañak eta Mikel Roldanek lehen taldeko jokalari izatera pasako dira hemendik aurrera, iaz Gorengo Mailan lehiatu ondoren.
Prestaketa lanen barruan, UDAk lau lagunarteko partida jokatuko ditu abuztuan. Lehen neurketa Casalarreinaren aurka izango da, abuztuaren 19an, Ibarra futbol zelaian. Ondoren, Mirandes B (abuztuak 22), Aurrera Vitoria (abuztuak 26) eta Erandio (abuztuak 29) izango ditu aurkari. Partidu hauek ere etxean jokatuko ditu, Erandioren aurkakoa izan ezik.
Barkeroren alboan, lantalde berria
Unai Calzonen agurraren ondoren, Jose Javier Barkeroren izendapenarekin aro berri bati ekingo dio taldeak. Berarekin ariko dira Dabid Enekotegui eta Igor Altube entrenatzaile laguntzaileak, Andoni Etxagibel atezainen prestatzailea, Jokin Lasagabaster fisioterapeuta eta Jose Ramon Gordoa delegatua. Bestalde, prestatzaile fisiko berri bat batuko da taldera, Beñat Etxaberen lekua betetzeko: Mikel Perez legazpiarra. Azken hau Urola taldetik dator. Entrenatzaile aretxabaletarrak arduraz, baina denboraldi polit bat egiteko asmoz ekingo dio erronka berri honi: “Jokalariak ezagutzen ditut aurreko etapetatik, horrek lasaitasuna ematen dit lan egiteko”.