Aretxabaleta Lanbide Eskolak, Mondragon Unibertsitateak, Arizmendi Ikastolak eta Bailara Elkarteak gosari-tertulia egin dute ALEren instalakuntzetan. Ikastetxeetako eta enpresetako ordezkariak elkartu dira bertan, eta iTlent, Lanbide Heziketako Talentuaren Euskal Institutua, arduratu da gosaria dinamizatzeaz.
Langileen etorkizuneko profila
ITlenteko kide Ergiñe Urzelaik azaldu duenez, helburua etorkizuneko langileen profilaz hausnartzea izan da: "Hemen erakunde ezberdinak daude; enpresak, ikastetxe ezberdinak,... Guk nahi duguna etorkizuneko langile profilaz hausnarketa bat egitea da; ze langile mota nahi ditugun, ikastetxeetatik zer lantzen gabiltzan hori bultzatzeko, enpresek zer eskatzen duten eta ze behar dituzten, nolako langileen beharra aurreikusten duten,...".
Gisa honetako ekimenen garrantzia nabarmendu du Urzelaik: "Hausnarketa puntu hori erakunde ezberdinetan egitea beharrezkoa dela uste dugu, baita horrelako topaketatxoak sortzea horretarako".
Balioen garantzia
Hainbat puntu mahaigaineratu dituzte parte-hartzaileek tertulian zehar. Lanbide Heziketaren ETHAZI ikaskuntza-eredua izan dute hizpide, eta honek berarekin dakartzan zeharkako gaitasunen lanketaz. Hala ere, balioen gaiean jarri du iTlenteko kideak azpimarra: "Balioak ere mahaigaineratu ditugu, zeharkako gaitasunak baliorik gabe ez direlako nahikoa. Balio komun horien; gizarteko balioen, ikastetxeko balioen zein enpresetako balioen hausnarketara heldu gara".
Balioena gai sakona dela aitortzen du Urzelaik, eta etorkizunean ere jorratu beharra izango dela: "Ez da erraza, gai sakona da, eta beste pausotxo batzuk ematea komeni da. Azkenean, hori da denoi gehien inporta zaiguna; irakasleoi, enpresa buruoi zein gizarte osoari. Balio etikoak dituzten pertsonak nahi ditugu gure ondoan, eta horrantz goaz".
Balorazio positiboa
Gosaria bukatu berritan ekimenaren balorazio positiboa egin du Urzelaik. Hala ere, motz gelditu dela nabarmendu du: "Oso ondo joan da. Motz gelditu dela ematen du, eta gai batzuk airean gelditu dira. Hurrengo saioan lantzeko utzi ditugu. Nahiko gai sakonak dira, jende asko da eta azkenean motz gelditzen dira horrelako momentuak".
Gosari-tertulia bezalako formatuak aberasgarriak direla uste du iTlenteko kideak: "Talde txikitan jarri ditugu, eta horrekin parte hartzea areagotzen dugu, ez soilik beste norbaitek esandakoa entzutera. Norberaren hausnarketa norbere kabuz garatzen da, baina kasu honetan galdera bidez bideratzen dugu. Gainera, hausnarketa ez da norberarentzat geratzen, partekatu egiten dugu, talde txikian zein handian, eta hori askoz aberasgarriagoa da guztiontzat".