Debagoieneko Mankomunitateak ekitaldi publikoa egin du gaur eguerdian Aretxabaletako Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultateko Ideienean, erakundearen norabide estrategiko berria eta irudi korporatibo berritua aurkezteko. Herriz herri. Aurrez aurre lelopean, eskualdeko gobernantza eredua eraldatzeko asmoa plazaratu du Mankomunitateak. Euren esanetan, gaur aurkeztutako norabide berriak eskualdearen etorkizuneko erronkei modu bateratuan erantzutea du helburu. Ekitaldian, eskualdeko eragile ugari elkartu dira: Debagoieneko zortzi udaletako ordezkariak, enpresa munduko arduradunak, gizarte eragileak eta herritarrak tarteko.
Hiru ardatz, etorkizunera begira
Aurkezpenean azaldu dutenez, Mankomunitatearen jarduna hiru ardatz nagusiren inguruan indartuko da datozen urteetan: arlo soziala, ekonomikoa eta ekologikoa. Eredu berriaren helburua da eskualdeak aurrean dituen erronkei —aldaketa klimatikoa, aldaketa demografikoak, digitalizazioa edota desberdintasun sozialak— ikuspegi partekatu batetik erantzutea.
Hitza hartu duten eskualdeko eragileen artean izan dira Debagoiena 2030eko ordezkari Aritz Otxandiano, Enpresareko ordezkari Carla Añon, Batuz Fundazioko ordezkari –Emaus fundazio ohia– Aitziber Zubillaga eta Debagoieneko Landa Garapenerako Elkarteko Teknikari-Kudeatzaile Garikoitz Aiesta Etxaniz. Guztiek ere bailarako pertsonen, lankidetzaren eta proiektu kolektiboen balioa azpimarratu dute.
Ekitaldiari amaiera emateko, Dorleta Elkorobarrutia Mankomunitateko lehendakariak eskualdearen ibilbidea eta etorkizunerako erronkak izan ditu hizpide. Azaldu duenez, Debagoiena zortzi herriren elkarlanetik eraikitako komunitatea da, eta horri esker egin dira aurrerapauso handiak hezkuntzan, kooperatibagintzan, garapen ekonomikoan eta kulturan. "Aurrera begira gaude, baina ezinbestekoa da atzera begiratzea ere. Historia propioa duen eskualdea gara, eta komunitate horri esker gauza asko egin dira gaur arte", adierazi du hitzartzean.
Etorkizunari begira, datozen urteetako erronkak "itzelak" izango direla ohartarazi du lehendakariak, eta horiei aurre egiteko ezinbestekotzat jo du lidergo kolektiboa eta lankidetza. Halaber, eskualdearen behar berriek "begirada zabalagoa" eskatzen dutela uste dute Mankomunitatean, eta horregatik abiatu dute hiru ardatzetan oinarritutako eraldaketa prozesua. "Ez dago ekonomia sendorik pertsonen ongizaterik gabe. Ez dago ongizaterik ingurune osasuntsurik gabe. Eta ez dago trantsizio ekologikorik komunitate sendo bat gabe", esan du.

Debagoieneko alkateak, Mankomunitateko irudi berria eskuetan dutela.
Irudi berria
Saioaren gidaritza Ane Zuazubiskarrek egin du. Aurkezle lanetan, Mankomunitatearen marka berriaren esanahia azaldu du, irudi korporatibo berria aldaketa estetiko hutsetik harago doala nabarmenduz. Logo berriak komunitatea, natura eta Debagoiena zeharkatzen duen ibaiaren irudia uztartzen ditu, "arin eta erraz identifikatzeko moduko" logoa sortuz. Ekitaldiak bestalde, osagai artistiko nabarmena ere izan du. Ines Osinagaren musikarekin, eta Irati Barrenaren hitzekin Mankomunitatearen balioak eta komunitatearen garrantzia landu dituzte emanaldi berezi batean.
Azkenik, gaur aurkeztutako marka eta gobernantza eredu berria "abiapuntua" dela ohartarazi du Mankomunitateko presidenteak. "Debagoiena ez da kasualitatez gaur dena. Pertsona askoren lanari esker eraiki da. Herriz herri, aurrez aurre", amaitu du Elkorobarrutiak.