ALBISTEAK

'Klik bat baino gehiago' lanak irabazi du XV. Euspot Lehiaketa

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko ekainaren 11

Atzo arratsaldean banatu zituzten 15. Euspot Euskarazko spot lehiaketako sariak. Sari nagusia, bigarren urtez jarraian, Anje Arlanzon oñatiarrak eta Asier Corchete donostiarrak irabazi zuten Klik bat baino gehiago lanarekin. Zergatik sortu euskarazko edukiak sare sozialetan? galdera erantzunez, 30 segundotako spotak egin dituzte parte-hartzaileek.

Nahia Sillero eta Ian Ruiz eduki sortzaileek aurkeztu zuten sari-banaketa, eta ekitaldian zehar beste hainbat eduki sortzaileren eta aurreko edizioetako irabazleen galdera jokua eta finalista guztien lanak ikusteko aukera egon zen. Azkenean, 1.000 euroko sari nagusia Klik bat baino gehiago spotarendako izan da.

"Bagenituen pare bat erreferentzia, eta estetika ezberdina lantzea nahi genen. Horregatik, buruan geneukan zerbait zientifikoa, eta hortik bideratu dugu gure gidoia", azaldu du Anje Arlanzon oñatiarrak. Sari nagusiaz gain, beste bost sari banatu dituzte: Sara Iraola eta Naia Martinezen Eman like euskarari! (Gazteen Saria); Auritz Loidi, Eider Abarrategi eta Eneko Eizagirreren Izan marrazo! (MU-ko Saria); Lander Valle eta Peru Iturricastilloren Sarea zurea da! (Arizmendiko ikasleen Saria); Mikel Lizardi eta Inhar Ormazabalen Igo ezazu bideoa (Musika sinkronizazio onenaren saria), eta Ondarruko gazte taldearen Zergatik ez! (Publikoaren Saria).

Aurtengo edizioan 95 lan aurkeztu dituzte Euspot lehiaketara. Horietatik 14 dira adin nagusiek egindakoak, eta 81 adin txikikoenak. Era berean, lau eguneko epean, Publikoaren Sarirako 1.800 boto baino gehiago jaso dituzte aurten. Finalisten lan guztiak ikusgai daude sarean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak