8 urterekin utzi zuen jaioterria Naoufal Nasrdinek (Azrou, Maroko, 1992), eta Almeriara joan zen. 2020tik bizi da Aretxabaletan; haren lekua hemen dagoela dio.
Nola oroitzen duzu haurtzaroa?
Oso haurtzaro polita izan dut. Azrou Marokoko Atlas Ertaina mendilerroan dago, eta hango eguraldiagatik da berezia. Neguan elurra egiten du. Udan ere freskoagoa da. Gogoan dut hango natura, jendearen umiltasuna, etxeetako ateak beti zeuden zabalik... Maitasun handiarekin oroitzen dut. Eskolako lehen urteak ere han egin nituen.
Hotza aipatu duzu; Maroko beroarekin lotu ohi da.
Ni bizi nintzen inguruari Marokoko Suitza txikia esaten diote. Neguan hotz handia egiten du. Etxeetako teilatuak elurretarako prestatuta daude. Herriko estetika berezia da beste herri batzuekin konparatuta. Inguru eta paisaia berdeak daude, baita ibai asko ere; ez du ematen Marokon zaudenik.
Zergatik utzi zenuen jaioterria?
8 urterekin heldun nintzen Almeriara (Espainia). Nire anaiak osasun arazoak zituen eta tratamendua behar zuen.
Zer-nolako bidaia izan zen?
Adin harekin, Europara zoazela esaten dizutenean, zure bizimodua telebistan ikusten duzun bezalakoa irudikatzen duzu. Etorkizun hobea izango duzula, esperientzia polita izango dela eta lagun berriak egingo dituzula. Almeriara iristeko gogoa neukan, baina heldu nintzenean ikusi nuen nire ametsa amaitu egin zela.
Zer topatu zenuen?
Mendietatik oso probintzia lehorrera joan nintzen. Nijarko biztanle gehienak bizimodu hobe baten bila migratu duten langileak dira, azpigaratutako Marokoko eremu batetik migratutakoak; ia-ia Marokon ere ez daude integratuta. Haiek eta nik Marokon bizitakoa ez dira esperientzia berberak. Ezin nuen haiekin harremanik izan, gure kulturak ezberdinak zirelako, eta hori frustragarria zen. Uztailean iritsi nintzen, eta ikasten egon nintzen eskolara hasi aurretik. Oso uda bakartia eta hasiera gogorra izan zen. Denborarekin, lagunak egin nituen. Ikasketetan ona nintzen, eta hango haurrek ere ikusi zuten ezberdina nintzela.
"Hemen familian eta kuadrillan egotekoak zarete, eta hor ikusten dut antzekotasuna"
Aretxabaletara nola heldu zinen?
Ingeniaritza Mekanikoa ikasi nuen Almeriako Unibertsitatean. Malagan egon nintzen lanean, baina lan-esperientzian aurrera egin nahi nuen. Lana aurkitu nahi nuen Frantzian edo Euskal Herrian. Hona hurbiltzeko aukera bana nuen bi lekuetan, baina, azkenean, Miranda de Ebrokoa aukeratu nuen. Han nenbilela, Aretxabaletan bizi zen emakume sevillar bat ezagutu nuen, egun nire emaztea dena, eta hona etorri nintzen bizitzera, 2020an. Hona etorri nintzenean, asko gustatu zitzaidan herria.
Zer gustatu zitzaizun?
Lasaitasuna. Elkar ezagutzen dute. Jendearen jatortasuna. Sinpleak dira hemen. Ez dut sentitu jendea itxia denik.
Euskal Herriko enpresetara bidali zenuen curriculuma; zergatik?
Almerian oso giro horia dago, eguzkiagatik. Athleticen eta Realaren partidak edota filmak ikusten nituenean, zirimiria ikusten nuen, natura… Nire jaioterria gogorarazten zidan, eta egunen batean Euskal Herrira joango nintzela nioen. Ezinezkoa ikusten nuen.
Noiz bisitatu zenuen lehen aldiz?
Metzen (Frantzia) egin nuen masterra, eta Pauen zegoen enpresa. Metzetik hartzen nuen itzulerako hegazkina, normalean, baina erabaki nuen Bilbotik hartu nezakeela. Pauetik Bilbora autobusean joan nintzen, eta euskaldun batean etxean pasatu nuen gaua. Gau hartan, Athleticek Celtaren kontra jokatzen zuen. Hango giroa ikusi nuen, zirimiriak busti ninduen... Bizitza osoan amesten nuena bete zen gau batean. 2016a izango zen.
Ezberdintasun kulturalik badago?
Kulturak guztiz ezberdinak dira, bi erlijioak ezberdinak direlako. Marokoko kultura den bezalakoa da, atzean erlijioa daukalako. Hemen familian eta kuadrillan egotekoak zarete, eta hor ikusten dut antzekotasuna.
Nongoa sentitzen zara?
Sentitzen dut bizi izan naizen lekuetako zati bat daukadala. Nongoa naizen galdetzen badidate, Almeriakoa naizela esaten dut, baina nire lekua hemen dago. Hona etorri naiz eta sentitzen dut bizitza guztia hemen pasatuko dudala. Sekula Euskal Herrian biziko ez zela uste zuen almeriarra naiz; azkenean, hemen nago.
Elkarrizketak euskaraz jarraitzeko gai
Euskara ikasteko gogoz dago, baina azaldu du kontziliazioagatik eta denbora faltagatik ez duela ikasi. Hala ere, badu esperantza alaba hazten denean enpresan edo euskaltegian ikasten hasteko: "Esango nuke elkarrizketak ulertzen ditudala, eta badakit zenbait hitz eta esaldi esaten".
Azkoitian egon zen denbora batez lanean, eta azaldu du han lankideek ez ziotela gaztelaniaz hitz egiten: "Elkarren artean euskaraz hitz egiten zuten, eta nigatik ez zioten euskara hitz egiteari utzi. Egokitu egin behar izan nuen, eta ulertzen ez nituen hitzen harira galderak egiten nizkien. Han ikasi nuen, baita ere, trikitia zer zen", dio, barrez.
Futbola, pasio
Betidanik gustatu izan zaio futbola, eta hemen areto futbolean aritu izan da. Duela gutxi sortu den Aniztasuna Mugarik Gabe Kirol Klubaren sustatzailea eta entrenatzailea da. Ikuspegi hezitzailea eta inklusiboa lantzen dituen proiektua da, eta kirol modalitatea herrian sustatzeko eta praktikatu nahi duen orori aukera emateko sortu dute.