ALBISTEAK

84 ekintza biltzen dituen III. Berdintasunerako Plana aurkeztu dute

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2026ko ekainaren 10a

Herritarren aurrean aurkeztu du Udalak Aretxabaletako Emakumezkoen eta Gizonezkoen III. Berdintasunerako Plana. 2026tik 2030era bitartean egongo da indarrean, eta Daiteke aholkularitza-enpresa izan dute bidelagun.

2025ean abiarazi zuten prozesu parte-hartzailea, eta 2022ra arte indarrean egon zen II. Berdintasunerako Plana ebaluatzea eta Aretxabaletak berdintasunaren alorrean dituen erronkak identifikatzea izan da prozesu horretan izan duten egiteko nagusia. Hain zuzen, herritarrek, mugimendu feministak, udal langileek eta arduradun politikoek hartu dute parte. Aretxabaletako Udaleko Berdintasun zinegotzi Ainhoa Sanchezek adierazi du "erronka nahiko potoloak baina, era berean, egingarriak" jasotzen dituela planak.

Lurreratutako plana

"Emakumeen ahalduntzea eta herrian ikusgarritasuna ematea" izango da Berdintasun Planaren helburu nagusietako bat, Sanchezek azaldu duenez. "Udaleko sail guztietan berdintasuna egunerokotasunean txertatzera ere bideratuko dugu plana", gehitu du. Hala, 84 ekintzak osatutakoa izango da eta lau ardatz nagusitan oinarrituko da: gobernu ona; emakumeen ahalduntzea; gizarte-antolaketa bidezkoa, berdintasunezkoa eta jasangarria; eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabeko bizitzak.

Emakumeen ahalduntzea eta ikusgarritasuna helburu duen plana sortu dute

Aurretik indarrean egon zen planarekin alderatuta, "erronka egingarriagoak" zehaztu dituztela dio zinegotziak. Aurreko plana abiapuntu gisa hartu, eta prozesu osoa "lurreratu" egin dute horretarako. "Sarritan, plan luze eta anbiziotsuegiak sortzen dira eta ekintza asko egin gabe geratzen dira. Oraingoan, bereziki, errealista eta egingarria den ekintza-plan bat sortu nahi izan da, ekintzen betetze-maila altua lortzeko. Aurrekoaren balorazioa egin dugu, eta ikusi zer izan zitekeen egingarria eta zer ez; zer egon zitekeen gaur egungo testuingurutik kanpo, eta zer ez. Ekintza bakoitzari epemuga bat ezarri diogu, lan-tresna gisa erabili dezagun eta ez dadin kaxoi baten gordeta gelditu", adierazi du Sanchezek.

Egindako lanari jarraipena

Azken urteetan "berdintasunari eta feminismoari indar handia" eman diote Aretxabaletan, Daiteke aholkularitza-enpresako Joana Puertoren ustetan. Aurrera eramandako ekimenetatik, "berdintasun saila indartzea eta egonkortzea, Jabetze Eskola martxan jartzea eta Tril Atxabaltako Txoko Feminista sortzeko parte-hartze prozesua gauzatzea eta Txoko Feminista irekitzea" azpimarratu ditu Udalak, besteak beste, eta Puertok gehitu du aurreko planak ez zuela "gaur egungo testuingurua, eta hirugarren plan honek bai. Horregatik, bertako errealitatera egokitu eta herrian aurrerapauso handiak egin direla kontuan hartuta, norabide horretan lanean jarraitzeko egin dugu lan", adierazi du Puertok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak