ALBISTEAK

Irrati gidoia edo podcasta da aurtengo Karmele Igartua sorkuntza bekarako generoa

Eneko Azurmendi Barrena 2026ko ekainaren 2a

Bekaren hamaseigarren aldia aurkezteko prentsa agerraldia egin dute Tere Irastortza Bergarako Idazle Eskolako zuzendariak eta Ibai Zangitu Aretxabaletako Udaleko Kultura zinegotziak, eta aurtengo formatua irrati gidoia edo podcasta izango dela iragarri dute.

"Karmele Igartuaren lanak hedatzeko, irakurriak izateko eta idazle berriak sortzeko" asmoz aurkeztu dute Karmele Igartua sorkuntza bekaren hamaseigarren edizioa ere, aurreko guztiak bezala, eta aurtengo generoa "XXI. mendean oso modan dagoena" da, irrati gidoia edo podcasta, hain zuzen. 

Idazle aretxabaletarrak ahozkotasuna eta antzerkia oso gustuko zituela eta garrantzi handia ematen ziela nabarmendu du Zangituk. Hala, horri keinu bat egin gura izan diote hamaseigarren edizio honetan. "Karmele gure artean egongo balitz, gai inportantea izango litzateke harentzat, ahozkotasuna ere asko lantzen zuelako", dio zinegotziak.

Ohi moduan, 16 urtetik gorakoentzat zuzenduta egongo da, lanak euskaraz idatzitakoak izan beharko dira eta parte-hartzaile bakoitzak lan bakarra aurkeztu ahal izango du. "Gazteek eta promesa berriek aukerak izateko modu ona da aurtengoa, zerbait freskoa, eta etorkizuneko sortzaileak gure artean izateko aukera polita".

Proposamenak kultura@aretxabaleta.eus helbidera bidali beharko dira, urriaren 13a baino lehen, honako gai honekin: Kultura: Karmele Igartua Sorkuntza Lehiaketa. 2026: Irrati gidoia edo podcasta. Irabazleak 2.500 euroko saria izango du.

Igartuaren lan bat itzuliko dute

Irastortzak adierazi du bekaren helburuetako bat dela Karmele Igartuaren lanari zabalpena ematea eta idatzi horiek irakurriak izatea. Bide horretan, duela urte batzuk, Pamielak haren lan guztiak argitaratu zituen eta aurten beste aurrerapauso bat emango dute. "Itsaso kontra bat da hark idatzita baina publikatu barik utzi zuen liburua, Espainiako Poesia Sari Nazionalerainoko bidea egin zuena. Urte batzuk beranduago bada ere, gaztelaniara itzuliko dute", adierazi du Bergarako Idazle Eskolako zuzendariak.

Valentziako Contrabando argitaletxeak egingo du lan hori, Marte Poesia sailaren bitartez, urte amaierarako. Modu horretan, liburuaren itzulpena eta bekaren irabazlea udazkenean aurkezteko moduan izatea aurreikusten dute antolatzaileek. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak