ALBISTEAK

Elkarte Eguna egingo dute Aretxabaletan lehenengoz maiatzaren 23an

Txomin Madina Milikua 2026ko maiatzaren 13a

Herrian dauden askotariko elkarteen lana ezagutaraztea helburu izango duen ekimenak egun osoko egitaraua izango du. Hogei elkarte inguruk hartuko dute parte bertan. 

Aretxabaletako elkarte-sarea ikusaraztea, elkarteen arteko harremanak sendotzea eta herritarrak parte hartzera gonbidatzea. Helburu horiek ditu maiatzaren 23rako Aretxabaletako udalak eta herriko hogei elkarte inguruk antolatu duten lehenengo Elkarte Egunak.

"Duela bizpahiru hasi ginen elkarteekin batzen, haien beharrak zeintzuk ziren ikusteko. Hortik ikusi zen agenda bateratu baten beharra, Aretxabaletaklik-ekin. landu duguna. Beste behar bat izan zen elkarteak ezagutarazteko horiek ateratzeko egun bat egitea. Hortik dator Elkarte Eguna. Izan ere, Elkarte asko ditugu herrian baina batzuetan herritarrok ez dugu ezagutzen besteak zertan dabiltzan", azaldu du Aretxabaletako udaleko Kultura zinegotzi Ibai Zangituk hainbat elkartetako ordezkarirekin egindako agerraldian. 

Egun osoko egitaraua

Egun osoa hartuko duen egitarauaren barruan, askotariko ekintzak prestatu dituzte elkarteek. Eguerdian hasita, adibidez, Elkarteen Azoka egingo dute herriko plazan. Baina bestelakorik ere egongo da: ikus-entzunezkoen emanaldiak, ate irekiak, ariketa fisikoaren bueltako ekintzak, jolasak, performance-ak.

Eta nola ez, jatekorik ere ez da faltako. Jakiek, gainera, nazioarteko zaporea izango dute, kultura aniztasunari lekua eginaz eta herriko bizikidetzari balioa emanaz. Hala, Aljeria, Kolonbia, Nikaragua. Pakistan, Paraguai, Portugal, Dominikar Errepublika eta Senegalgo jakiak eskainiko dituzte herriko plazan 13:00etatik 15:00etara. 

Maiatzak 22, osteguna

Yakaar elkarteak antolatuta, Senegalgo legez kanpoko migrazioari buruzko dokumental laburraren proiekzioa eta Mbam herrialdearekin bideokonferentzia.

17:30-19:30 | Arkupe Kultur Etxea

Maiatzak 23, ostirala


Elkarteen azoka

Azokan parte hartuko duten elkarteak: Jaiki dantza elkartea, Loramendi kultur elkartea, Yakaar elkartea, Aretxabaletako erraldoien konpartsa, Debatea elkartea, Okila taldea, Aretxarte elkartea, Hiruatx elkartea eta Gu Haziak Gara elkartea.

12:00-14:30 | Plaza

Goizeko egitaraua

  • 09:00-11:30 | Murrukixo mendi elkarteak antolatutako mendi ibilaldia.
  • 10:00 | UDAk antolatutako frontenis txapelketa (+16 urte). Izena emateko epea maiatzaren 18ra arte egongo da zabalik.
  • 10:30-12:00 | Eskola kirolak antolatutako ekintzak plazan eta kantxan.
  • 11:00-12:00 | Hiru Txirlo bolo elkarteak antolatuta, boletan ikasteko eta jolasteko aukera bolatokian.
  • 11:00-13:30 | UDAk eta Aratz elkarteak antolatuta, Genuine futbol partida Ibarra futbol zelaian.
  • 12:00 | Loratuk antolatuta, altxorraren bila plazan.
  • 12:30 | Erraldoien konpartsaren ate irekiak.
  • 12:30 | Erdu emakume taldeak antolatuta, dokumental emanaldia.
  • 13:30 | Jaiki elkartearen performance-a.
  • 13:30 | Aretxabaletako abesbatzaren kantu emanaldia, txistulari taldeak lagunduta.
  • 13:45 | Aretxarte elkartearen tonbola.
  • 13:00-15:00 | Zizka-mizka multikulturala:
    Herrialde ezberdinetako jakiak dastatzeko aukera izango da: Argelia, Kolonbia, Nikaragua, Pakistan, Paraguai, Peru, Portugal, Dominikar Errepublika eta Senegal.

Arratsaldeko egitaraua

  • 17:00 | Kukumiku elkarteak antolatuta, magia emanaldia Kukumikuren espazioan.
  • 18:00 | Gaztelekuak antolatuta, argazki rallya gaztelekutik abiatuta.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak