HEMEN DEBAGOIENA

Selcuk Senyurt: "Euskaldunak gertukoak izateak lagundu dit hona etortzen eta hemen geratzen"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko apirilaren 29a

Euskal eta turkiar kulturen arteko nahasketa dauka, eta barnean bi kultura izatea "ona" dela dio.

Jaioterritik ekarritako jantziak eta osagarriak saltzen ditu, batik bat, Selcuk Senyurtek (Ankara, Turkia, 1986) Aretxabaletako plazan duen Almila Shop dendan, eta hantxe erantzun ditu GOIENAren galderak.

Nolakoa zen zure bizimodua Turkian?

10 urterekin Ankaratik Izmirnara joan nintzen. Musikaria naiz, eta musikatik bizi nintzen han, baina aurrez beste lanbide batzuk izan nituen. Marmaris herrira joan nintzen. Kostaldeko hiri turistiko bat da. Bost izarreko hoteletan egiten nuen lan, musikari. Sei urtez aritu nintzen lanean han, eta oso bizimodu ona nuen. Hotelean bertan bizi ginen, eta han jaten genuen.

Hona nolatan etorri zinen?

Taldeko abeslariak nire egungo bikotekidearekin, Josunerekin, Erasmus programa egin zuen. Taldekideak esan zigun bi espainiar zetozela bisitan, eta hori guretzat interesgarria zen, etortzen ziren turistak alemaniarrak, errusiarrak edota ingelesak zirelako, batik bat. Horrela ezagutu nuen Josune. Udako maitasun historia bat bezala izan zen. Imajinatu, komunikatzeko hizkuntzarik ere ez geneukan. Nik ia-ia ez neukan ingelesik eta hark ere ez asko. Arrasatera itzuli zen, eta nik han jarraitu nuen lanean. Harremana izaten jarraitu genuen. Istanbulen elkartu ginen, ni ere etorri nintzen hona. Zerbait egin behar genuela erabaki genuen, eta Istanbulen egon ginen hiru hilabetez, baina han zailagoa zen bizimodua aurrera ateratzea. Bizitzeko beste genuen. Dena garestia zen. Josune hona itzuli zen. Berriro saiatu behar genuela esan genuen. Nik, hasiera batean, ez nuen etorri nahi, baina saiatzea erabaki nuen. 2016an etorri nintzen.

Ondo hartu zaituzte hemen?

Bai, baina ez %100ean. Munduan denetariko jendea dago. Ezin dut esan guztiak jatorrak direnik. Gehienek oso ondo hartu naute. Euskaldunak gertukoak izateak lagundu dit hona etortzen eta hemen geratzen.

Nolakoa da Izmirna?

Kostaldeko oso hiri handi bat da. Bost milioi biztanle izango ditu. Ni Izmirna kanpoaldekoa naiz, Aliagakoa; 100.000 biztanle ditu. Haren ondoan herri txiki oso politak daude. Klima ona duen leku batean bizi nintzen; itsasoa sekulakoa da.

"Turkiak aukera pila dauzka, baina ez daukagu Europakoa bezalako sistema bat"

Ohiturak mantentzen dituzu?

Hemen ez dago turkiarrik. Hortaz, ezin ditut nire kulturako ekintzak egin. Donostian eta Gasteizen badaude batzuk. Urrun daude, eta, agian, urtean behin elkartzen gara. Turkiar euskaldunen Whatsapp talde bat daukagu.

Nola ikusten duzu Turkia politikoki?

Europa eta Asia lotzen dituen korridorea da. Turkiak aukera pila dauzka, baina ez daukagu Europakoa bezalako sistema bat. Zati batek Europako sistema nahi du, demokrazia handiagokoa, baina ez dago Europako Batasunaren baitan. Demokrazia badaukagu, baina ez Frantzian, Espainian edota Italian bezalakoa; daukagun presidenteak, Erdoganek, nahi duena egiten du. Ez da %100 demokrazia.

Zer igartzen duzu faltan?

Betiko lagunak. Batzuetan, janaria, baina ez dago horren urrun. Kebabak. Jendeak hemen ez du ezagutzen benetako kebaba. Jatetxea ez litzateke Kebab izango; Doner izango litzateke; eta janaria, kebaba. Hemen beste era batera kozinatzen dute, eta janari turkiarra ezagutzen ez dutenek uste dute hori dela kebaba. Tristea da.

Azaldu nondik datorren kebaba.

300 kebab mota baino gehiago daude. Sultan otomandarren sukaldariek plater bat prestatzen zuten haragiarekin, beste osagai batzuekin eta saltsarekin. Sultanari erakusten zioten, eta hark dastatu egiten zuen. Gustatzen bazitzaion, kebabari izena jartzen zion. Kebab asko daude: frutarekin, barazki gehiagorekin... Broxetak ere badaude.

Bi bizileku dituzu?

Bai, dudarik gabe. 29 urterekin etorri nintzen, eta ezin dut nire alde turkiarraz ahaztu. Baina hamar urte daramatzat hemen. Hemen Aretxabaletakoa naizela esaten dut. Turkiara noanean ez naiz %100 turkiarra sentitzen, baina hemen ere ez %100 aretxabaletarra. Alde ona da bi kultura barnean izatea, nahasketa bat daukat: %70 turkiarra eta %30 euskalduna. Hau nire bigarren etxea da.

Etorkizunean Aretxabaletan bizitzen ikusten duzu zeure burua?

Ez dut pentsatzen etorkizunean non egongo naizen edo zer egingo dudan. Bi seme-alaba ditut. Hemen jaio dira, hemen ikasten dute, eta, hortaz, erabakia hartzea zailagoa da. Nik uste dut bizimodua hemen egingo dugula.

Hizkuntza eta anekdotak

Selcuk Senyurtek esan du ez duela astirik izan euskara ikasteko. Gaztelania ikastea erabaki zuen, hasieran, eta ondoren, euskara. "Euskarazko hitz batzuk badakizkit; gaztelania ere ez dut ondo menperatzen. Lana bilatu behar nuen, seme-alabak izan ditut, pandemia etorri zen, lan egin behar nuen... Ez dut astirik izan euskara ikasteko. Gainera, gaztelania ikasi behar izan dudan une berean".

Lehen urtean, "meditatzen"

Anekdota bat ere kontatu du: "Beti diot lehendabiziko urtean meditatu egiten nuela. Ezin nuen turkieraz hitz egin, eta nire bikotekidearekin bakarrik komunikatzen nintzen. Gu han jatetxe batera joaten gara lasai egotera berriketan, entzuten... Hemen txikiteoa dago. Nik ia-ia ez nuen hitz egiten, eta halako egoera batean gutxiago. Adibidez, kuadrillan politikaz hitz egiten ari baziren eta zerbait esan nahi banuen, pentsatu egin behar nuen nola esan. Nik esaldia antolatu bitartean, gaia aldatzen zuten. Beste batzuek makalago hitz egiten zuten nik uler nezan. Horrek ez dit kendu hitz egiteko gogoa".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak