ALBISTEAK

Lehen entrenamendu saio irekia egin du Aniztasuna Mugarik Gabe areto futbol taldeak

Ibai Irasuegi Garai 2026ko apirilaren 14a

Aniztasuna Mugarik Gabe Kirol Klubak lehen entrenamendu saio irekia egin zuen domekan Aretxabaletako kiroldegian. Batek baino gehiagok baliatu zuten aukera bertaratu eta taldera batzeko, eta saioari balorazio positiboa egin zion Naoufal Nasrdinek, proiektuaren sustatzaile eta entrenatzaileak.

Taldea Aretxabaletan sortu bada ere, bailara guztiko jendearen atentzioa deitu zuen saio irekiak. Aretxabaletako jendea ez ezik, Arrasatekoa, Oñatikoa eta Bergarakoa ere badago, eta baita bailaraz kanpokoa ere, Soraluzekoa, adibidez

Domekan egindako entrenamendu irekiari dagokionez, Nasrdin oso pozik dago bertaratutako jendearen erantzunarekin: "Jende dezente animatu da. Inguruko herri desberdinetatik etorri dira. Eta egia esan, ikusten dut goi mailako entrenamendua dela; proiektuak azkenean zentzua duela eta aurrera joango dela".

Saioei dagokienez, ohiko entrenamenduak martitzenetan egiten dituzte, eta aurrera begira, beste bi saio ireki egingo dituzte: hilaren 25ean eta maiatzaren 9an. Saio guztiak arratsaldeko seietatik zortziak laurden gutxiagora egingo dira Aretxabaletako kiroldegian.

Helburuak finkatuta

Hilabete hasieran sortu zen Aniztasuna Mugarik Gabe Kirol Kluba izeneko areto futbol taldea Aretxabaletan. Nasrdinen arabera "ongi finkatuta" dago proiektua, eta horretarako, zenbait helburu zehaztu dituzte: "Gure helburua, orain, senior taldea sendotzea da, hori baita gure helburua epe laburrean. Epe ertainean emakumezkoen taldea osatuko dugu, eta epe luzera harrobi bat osatuko dugu senior taldea elikatzeko".

Ikuspegi hezitzailea eta inklusiboa lantzen dituen proiektua da, eta kirol modalitatea herrian sustatzeko eta praktikatu nahi duen orori aukera emateko asmoz sortu dute. Nasrdinek dioenez, "proiektu formatzailea" da, eta inolako bereizketarik gabe, ateak zabalik daude taldearen parte izan nahi duen edonorentzat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak