ALBISTEAK

Elene Errasti: "Iazko kolpetik ikasi dugu, eta eskarmentu handieneko jokalariok aurrerapauso bat eman dugu"

Ibai Irasuegi Garai 2026ko apirilaren 14a

Hiru urteren ondoren, Alavesek Espainiako Lehen Mailan jokatuko du hurrengo denboraldian. Andrea Estebanek entrenatutako taldeak apirilaren 4ean eskuratu zuen maila gorenean jokatzeko txartela Bartzelonako Europa taldea 0 eta 4 garaitu ondoren. Alaveseko jokalaria da Elene Errasti (2000) aretxabaletarra duela bost urtetik, eta oso pozik dago taldeak egindako lanarekin.

Luze egin diren hiru urte daramatza Alavesek Espainiako Bigarren Mailan jokatzen. 2022/2023 denboraldia izan zen azkena maila gorenean, eta, ondorengo denboraldietan, bi urtez jarraian Lehen Mailan jokatzeko igoera faseetan huts egin ondoren, Lehen Mailara igotzea lortu dute babazorroek.

Denboraldiari dagokionez, igoera faseko partidurik jokatu gabe mailaz igotzea eskuratu dute bi jardunaldiren faltan. Sailkapen taulan, Bartzelona B taldearen atzetik (54 puntu), bigarren postuan sailkatuta daude babazorroak 52 punturekin — hirugarren sailkatuak baino bederatzi gehiago—. Hala, denboraldia amaitu aurretik helburu nagusia betetzea lortu du taldeak, eta hori  "egunerokotasunean egindako lanari esker" gertatu dela azaldu du aretxabaletarrak. 

Helburu nagusia beteta badago ere, bi jardunaldiren faltan, lana ez dago guztiz amaituta. Hori horrela, Errastik dioenez, taldeak azken partiduak irabazi nahi ditu lehen postua eskuratzeko, eta horrela "denboraldia erabat borobiltzeko". 

Bostgarren urtea Alavesen

Errastiren bostgarren denboraldia da Alaveseko jokalari bezala. 2021ean iritsi zen taldera, 21 urterekin, eta lehen pausuak B taldean eman bazituen ere, Alavesen jokatutako bigarren urtean Espainiako Lehen Mailan jokatzeko aukera izan zuen, eta, maila gorenean jokatu ondoren, azken urteetan, Bigarren Mailan, bilakaera handia izan du aretxabaletarrak taldean. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak