ALBISTEAK

'Atxabaltar izaera' prozesua abiatu dute etorkizuneko herritarrak definitu asmoz

Txomin Madina Milikua 2026ko martxoaren 25a

UDAren eta Aretxabaletako Udalaren ekimenez martxan jarri den prozesuaren baitan hiru lan saio egingo dituzte apirilean eta maiatzean. Herriko elkarte eta biztanle guztiak animatu dituzte horietan pare hartzera.

Nolako aretxabaletarrak izan nahi dugu? Galdera horri erantzun gura dio UDAren eta Aretxabaletako Udalaren ekimenez martxan jarri duten Atxabaltar izaera izeneko herri sorkuntza prozesuak.

UDAren azken plan estrategikoaren lanketan, kirol klub izatetik klub komunitarioa izateko nahia nabarmendu zuten eta hori Udalarekin partekatzean, jabetu ziren bi erakundeek kezka bera zutela. "UDA kirol elkarte komunitarioa izateari buruzko hausnarketa hastean  ikusi genuen UDA izara bat izan behar zuela, baina hori ez zela bakarrik izan ahal zuen zerbait,  aretxabaletar izaera izan beharko zuela era berean. Udalbatzarekin harremanetan jartzean, esan ziguten antzerako prozesu batean zeudela murgilduta", azaldu du UDAko presidente Agurtzane Elkoro. "Matx egin genuela esan daiteke. Bilera batzuk egin genituen, eta gaur gauden puntura heldu gara. Orain elkarteekin, herritarrekin egin gura dugu prozesua", gaineratu du Aretxabaletako alkate Gari Iturbek.

Hiru lan-saio

"Herritik, herriarekin eta herriarentzat" sortutako ekimena izan gura du sustatzaileen esanetan, eta elkarte eta herritar guztiei dago zabalik. Prozesuaren baitan  hiru lan-saio egingo dituzte. Apirilaren 21ean eta maiatzaren 5ean eta 19an izango dira horiek, Karmele Igartua aretoan eta 18.00etatik 19:30etara.

"Hiru bilera egingo dira, baina horiekin ez da ekimena amaituko. Prozesuarekin ate-irekiera bat irudikatu nahi dugu. Prozesu honen ostean, norbanako eta elkarteek, ondorioak hartu eta behin iparra markatuta izanda, norabide horretara heltzeko egin beharrekoak definituko dituzte", nabarmendu du alkateak eta gaineratu asmoa dela neurri praktikoak hartzea: "Aretxabaleta herri abegikorra dela irteten bada eta Udalak ikusten badu gabeziaren bat duela, adibidez, Harrera Plan baten falta, horri helduko dio".

Apirilean eta maiatzean egingo dituzten hiru saioak Karmele Igartua aretoan izango dira, 18:00etatik 19:30etara. Horietan parte hartzeko izena eman behar da 943 71 18 62 telefonora deituta edo partehartu@aretxabaleta.eus helbidera idatzita. Euskaraz bizi ez diren aretxabaletarrak ere animatu gura dituzte prozesura, eta horretarako baliabideak egongo direla ere jakinarazi dute. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak