ALBISTEAK

Euskal kulturaren egoera eta erronkak izan dira berbagai Huhezi Fakultatean

Koldo Zubia Salas 2026ko otsailaren 27a

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen 50. urteurrenaren harira, Euskal kultura gaur eta bihar jardunaldiaren laugarren aldia egin dute Aretxabaletako campusean. Bi egun iraun dituen ekitaldian, hainbat solasaldi, mahai-inguru eta elkarrizketa antolatu dituzte euskal kulturaren egoeraren eta erronken inguruan hausnartzeko.

Jardunaldiko lehenengo egunean, eguaztenean, hezkuntzan euskal kulturak duen egoera izan zuten eztabaidagai; atzo, eguenean, berriz, kultur eta sormen industrien egoeran eta erronketan sakondu zuten.  Besteak beste,  Euskal kultura salgai? galderari heldu zioten Jon Basaguren Izaki Gardenakeko konpositoreak, Amets Aznarez tronboi jotzaileak, Iñigo Etxezarreta En Tol Sarmientoko abeslariak eta Aitor Servier bertsolari eta EHZ jaialdiko antolatzaileak. Guztiek solasaldi “aberasgarria” izan zela nabarmendu zuten.

Antolatzaile lanetan ibili den Eneko Bidegain irakasleak, azaldu zuen ekimenaren jatorria: "Euskal Kulturaren Eragiletza masterra duela hiru urte sortu genuen, eta horren harira hasi ginen jardunaldi hauek antolatzen, masterraren ikerketa-galderak erantzunen bila joateko". Gainera, aurten beste urrats bat egin dutela nabarmendu zuen: "Kultur eta Sormen Industrietako gradua hasi dugu, eta bi eskaintza akademiko horiekin lotuta antolatu dugu bi eguneko jardunaldia". Haren ustez "galdera guztiak" ez dira bi egunetan kabitzen. Alabaina, hizlarien maila altuak, horien inguruan sakon eztabaidatzeko aukera eman duela nabarmendu du Bidegainek. Bestetik, balorazio positiboa egin du; izan ere, ehundik gora pertsona bertaratu ziren campusera.

Huheziko 50. urteurreneko ekitaldiek ikasturtea amaitu arte jarraituko dute, eta, martxorako prestatu dituzten ekintzen ardatza, feminismoa izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak