ALBISTEAK

Bakardadeari buruzko esperientzia inspiratzaileak jasotzen ari dira herriz herri

Eneko Azurmendi Barrena 2026ko otsailaren 25a

Mankomunitatearen Debagoiena Ehuntzen proiektuaren baitan, bakardadearen inguruko bigarren hitzaldi sorta egiten ari dira herriz herri, eta bailarako herrientzat inspiratzaileak izan daitezkeen hainbat esperientzia ezagutzen ari dira herritarrak.

Lehen hitzaldi sortak, Elisa Salaren eskutik egindakoak, "sekulako arrakasta" izan zuela aitortu du Garazi Otsoa Eribekok, Debagoiena Ehuntzeneko teknikariak, eta "aurreikuspen guztiak" gainditu zituela gaineratu du. Orain, esan moduan, bigarren zikloa abiatu dute. "Lehen zikloaren helburua zen bakardadearen atzean dagoen teoria ezagutzea eta gaiaz eztabaidatzea. Bigarrenaren helburua, aldiz, da beste herri batzuetan martxan dauden proiektuak ezagutzea". 

Asteleheneko Arrasateko saioaren ostean, atzo, martitzena, Aretxabaletako Karmele Igartuan egin zuten saioa eta hiru egitasmo ezagutu zituzten. Arabako Foru Aldundiaren Bakardadeak proiektua, Matia Fundazioaren Banku partekatuen proiektua eta, azkenik, Grupo SSIren Geuna Arrigorriaga proiektua. "Ikusi gura dugu ea Debagoieneko herrietan martxan jarri daitezkeen halakoak. Behintzat, horietatik ideiak hartu, egokitu eta hemen beste batzuk sortu ahal izateko. Azken batean, hausnarketa bultzatu gura dugu".

Horiez gain, bestelako errealitate batzuk ere aztertzen ari dira herriz herriko saioetan, dagoeneko egonkortuta dauden esperientziak zein berriagoak direnak. "Adibidez, Arrasaten Radars proiektua ezagutu genuen, Bartzelonan 2008tik martxan daukatena, atzetik lanketa handia daukana. Edozelan ere, badaude modu puntual batean gaia landu dutenak, esaterako, Donostiako Altza auzoan, Fotovoz teknikarekin".

Lau saio geratzen dira

Gaur, eguaztena, Oñatiko kultura etxean egingo dute berbaldia, 18:00etan; bihar, eguena, Elgetako Espaloian, ordu berean, eta etzi, egubakoitza, Leintz Gatzagako liburutegian, hori ere 18:00etan. Azkena Antzuolako Olaran etxean egingo dute, martxoaren 3an. Behin bigarren zikloa bukatuta, gaiaren inguruko lanketarekin jarraituko dutela azpimarratu du proiektuko teknikariak.

Debagoiena Ehuntzen proiektuaren helburu nagusia da bakardade-egoerak prebenitzea eta horiei aurre egiteko tresnak garatzea, gaur egun dauden baliabideak eta zerbitzuak optimizatuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak