Goizean goizetik hasi da festa giroa Aretxabaletan, aratusteetako egun handia ate joka dela iragartzeko. Berrikuntza moduan, eguna hasteko txokolatada egin dute Herriko Plazan, eta antolatzaileak pozik agertu dira izan duen harrera onarekin. Ondoren, festa giroak kaleetara egin du salto. Erraldoi ertainak eta umeen erraldoiak, gaiteroekin lagunduta, herriko kaleak zeharkatu dituzte kalejiran, musika eta dantzaz Aretxabaletako bazterrak alaituz. Eguerdi aldean, 13:00etan, iritsi da eguneko unerik berezienetako bat: Txapel Txinen agerraldia Herriko Plazan. Haur ugari gerturatu dira pertsonaia ezagunarekin argazkiak ateratzera.
Txapel Txinek, ohiturari eutsiz, aratusteetarako giroa berotzeko eta herria aztoratzeko deia egin du, eta herritarrak animatu dituzte txapela buruan jarrita kalera ateratzera. Egunak aurrera egin ahala, ekitaldiek jarraipena izan dute: karropoteoa, gaztetxoen bola-txapelketa, kale animazioa, dantzaldia, elektrotxaranga eta erromeria, besteak beste.