Otsailaren 15a heltzear dagoela, Txapel Txin eguneko eta Aratuste eguneko egitarauak aurkeztu zituzten atzo Aretxabaletako Herriko Plazan. Han izan ziren, besteak beste, Izaro Sanchez aurtengo Aratusteetako kartelgilea, Ibai Zangitu Aretxabaletako Udaleko kultura zinegotzia, eta baita Txapel Txin ere.
Zangituk azpimarratu duen bezala, jai bereziak dira Aratusteak aretxabaletarrentzat. Horiek horrela, egitarauaren berri emateaz gain, mezu argi bat bidali die herritarrei: "Aratusteak disfrutatzeko egun bat da; lotsak etxean uzteko egun bat eta gozatzeko egun bat. Seguru gaude horrela izango dela".
Txapel Txin Eguna
Zapatu honetan, otsailak 7, herritarrak jai giroan murgiltzen hasiko dira Txapel Txin Egunarekin. Ohi den bezala, Aratusteak iragarriko ditu Txapel Txinek, eta, horretarako, egun osoko egitaraua prestatu dute Aretxabaletako Udalak eta Karnabalen Lagunak taldeak.
Aurtengoa, egitarau "zabala" dela adierazi du kultura zinegotziak: "Txokolatada goizean, photocall bat ere egongo da Txapel Txinekin. Erraldoi ertainak ere irtengo dira —Txin eta Txin— herriko umeen erraldoiekin eta buruhandiekin. Eta arratsaldean kale animazioa, elektro-txaranga eta erromeria egingo dira".
Hona hemen egitaraua:
- 11:30 Txokolatada Herriko Plazan.
- 12:00 Erraldoi ertainen eta umeen erraldoien kalejira.
- 13:00 Txapel Txinen agerraldia.
- Ostean, karropoteoa.
- 16:00 Gaztetxoen bola-txapelketa.
- 17:00 Baso Izkutuan kale animazioa.
- 19:00 Txapel Txinekin dantzaldia Mitarte kalean.
- 19:15 Matraka elektrotxaranga.
- 21:30 Muxutruk erromeria.
- 22:30 Bola-joko txapelketa.
Aratusteetako kartela
Izaro Sanchez aretxabaletarrak irabazi du aurtengo aratusteetako kartel lehiaketa. Sanchezek dioenez, kartelean Aretxabaletako "mugimendu desberdintasuna" erakutsi nahi izan du kartulinak erabiliz. Hain zuzen, "horrelako lanetarako erabiltzen diren material birziklatuak erakusteko".
Zangituk azaldu duenez, herrian igartzen da mozorro-jaia ate-joka dagoela, eta kuadrillek ez dute beste gairik hizketarako: Aratusteak. Egitarauari dagokionez, "ohiko formatuarekin" dator, eta "gustu eta adin guztietara" zuzenduta egongo dela azpimarratu du: "Funtzionatzen duen egitaraua da, eta ez dugu ukituko, azkenean herritarrek egiten dituztelako eta aretxabaletarrek jartzen dutelako giroa":
Aratusteetako egitaraua:
Domeka, otsailak 15
- 10:00 Diana, txistulariekin.
- 11:45 Santa Ageda neska-mutilen Txino dantza.
- 12:00 Kuadrillen desfilea.
- 13:00 Kalejira Gesaltza txarangaren eskutik.
- 14:30 Herri bazkaria kiroldegian, DJ Jon-ek alaituta.
- 17:30 Kalejira Gesaltza txarangaren eskutik.
- 17:30 DJ Mikeltxi-ren emanaldia Herriko Plazan.
- 18:45 Mozorro lehiaketaren sari banaketa plazan.
- 19:00 Santa Ageda neska-mutilen saioa plazan.
- Ondoren: DJ Mikeltxiren emanaldia plazan.
Martitzena, otsailak 17
- 10:00 Haurren emanaldia Kurtzebarriko kantxan.
- 10:30 Haurren emanaldia Herriko Plazan.
- 11:00 Haurren emanaldia Iralabarri plazan.
- 18:00 Buruhandiak eta Sutan txaranga kaleetan.
- 20:00 Txin-en hileta eta suzko zezena Herriko Plazan.