Zabaldu ditu ateak TRIL Atxabaltako Txoko Feministak

Txomin Madina Milikua 2026ko urtarrilaren 23a

Umorez eta musikaz zipriztindutako ekitaldiarekin inauguratu dute Errekabarren kalean dagoen espazioa. Herriko emakume eta queer-entzako tokia izango da eta Jabekuntza Eskolako ekintzez gain, hilean behin aholkularitza juridikoa eskaintzeko zerbitzua ere hartuko du, besteak beste.

Bi urte iraun eta lau fase izan dituen prozesu baten ostean, gaur arratsaldean zabaldu ditu ateak TRIL Atxabaltako Txoko Feministak. Askotariko herritarrak, batez ere emakumeak, batu dituen ekitaldia udal ordezkarien aurkezpenarekin hasi da eta gero etorri dira Maider Mimiren umorezko bakarrizketa eta Zirrara taldearen musika emanaldia.

Maider Mimiren bakarrizketa.

"Amets bat egi bihurtzea suposatzen du espazio hau zabaltzea, herrian hainbeste urtetan borrokatu dugun hori lortu dugulako. Poztasuna, indarra eta motibazioa dakar horrek", azaldu du inaugurazio ekitaldian Ainhoa Sanchez Aretxabaletako Udaleko Berdintasun zinegotziak eta azpimarratu du emakumeen zein queer-en, genero disidenteen, espazioa izan gura duela.

Jabetze Eskola eta aholkularitza juridikoa

"Momentu honetan nahiko hutsik dagoen txokoa da; izan ere, asmoa da erabiltzaile guztiek euren sentitzeko, denon artean janzten eta betetzen joatea", gaineratu du  Sanchezek. Bertan burutuko diren ekintzei dagokienez, askotariko ekimenek izango dute tokia Txoko Feministan: Jabetze Eskolako ekimenak bertan izango dira, eta hilabetean behin hainbat abokatuk dohain eskainiko duten aholkularitza juridikoko zerbitzua eskainiko dute do¡hain hainbat abokatuk. Herriko emakume eta queer mugimenduetako eragileendako ere egongo da gela bat.

Zirrara taldearen emanaldiko momentu bat.

Astean zehar egunero egongo da zabalik TRIL Atxabaltako Txoko feminista: astelehen, asteazken eta ostiraletan 10:00etatik 12:00etara eta astearte eta ostegunetan, 13:00etatik 19:00etara. Gauzak horrela, Udaleko Berdintasun teknikari bat ere egunero egongo da bertan, dinamizatzaile lanak egiteko.

Aurrekoen lanari aitortza

Espazio berriari TRIL izena jartzeak badu arrazoia, Ainhoa Sanchezek azaldu duenez: "Herriko lehenengo emakume taldeak Tril zuen izena eta euretako batzuk ere prozesuaren parte izan dira; hala, haiei aitortza eta eskertza egin nahi izan diegu". Tril talde horretako hainbat emakume ere izan dira gaurko aurkezpenean; tartean, Txoko Feminista egiteko prozesuan parte hartu duen Jasone Gorroño: "Euskara elkarteko emakume talde batek sortu genuen Tril 90eko hamarkadan eta ohorea ere bada guretzat espazio honi gure izena jartzea. Prozesuan zehar proposatu zen izena eta denok ados jarri ginen".

Tril izeneko herriko lehen emakume taldeko kideetako batzuk.

Lehenengo hitzordua, urtarrilaren 28an

Ez da askorik itxaron beharko TRIL Ataxabaltako Txoko Feministak bere lehen ekintza hartzeko: urtarrilaren 28an, Beste zerbait liburuaren aurkezpena egingo dute 18:00etan hasita Danele Sarriugartek eta Uxue Alberdik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak