Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Adinberri Fundazioaren bidez eta Aretxabaletako Udalak eskutik egin dute lan Pertsonen Ongizatea Begirada Anitzetik Aretxabaletako proiektua martxan ipintzeko. Eta, erakunde horietako ordezkariak egon dira inaugurazio ekitaldian. "Zerbitzu soziosanitario integrala duen osasun zentro honen lehen esperientziarekin Osakidetza marka definitzen duen urrats bat ematen dugu. Zaintzen, prebenitzen, laguntzen eta pertsonak zentroan kokatzen ditu Osakidetzak. Osasunak batzen gaituelako, eta ongizateak ere bai", esan du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Alberto Martinezek.
Espazio berean
Aretxabaletako zentro soziosanitario berriak zaintza-eredu erabat integratua bermatzen du. Integrazio hori antolakuntzan zein espazio fisikoan ematen da, profesionalen arteko koordinazio erraztu eta herritarrei arreta goiztiarra, hurbila eta eraginkorragoa eskaintzeko. "Ez da kasualitatea lehen ekimen hau Gipuzkoan egitea; izan ere, Adinberriren bitartez, zaintza eta babes sozialaren eredua eraldatzeko ahalegin kolektibo garrantzitsua egiten ari gara, arreta pertsonalizatuagoa, berritzaileagoa eta komunitatearekin konektatuagoa eskainiz", azaldu du Gipuzkoako Diputatu Nagusi Eider Mendozak.
Aretxabaletako alkatea Gari Iturbek adierazi du "Udala apustu handia" egiten ari dela adinekoen ongizatean, eta proiektu honek ekarpen handia egingo diola herriari. Baina, bereziki, azpimarratu du proiektu horren inguruan dauden pertsonengan sumatzen duen ilusioa.
Plan indibidualizatuak
Pertsonen Ongizatea Begirada Anitzetik proiektuak hauskortasunen prebentzio aktiboaren aldeko apustu irmoa egiten duela aldarrikatu dute, erorikoak polifarmazia edo narriadura kognitibo edo bakardade kasuak garaiz identifikatzeko.
Aretxabaletan bizi diren 70 urtetik gorako 1272 pertsona identifikatu ditu Osakidetzak, eta horietatik % 55 inguruk (729 pertsona) parte hartu dute hasierako balorazioan, Adinekoei Arreta emateko Planaren bidez, tipologiaren arabera sailkatzeko. Balorazio horren ondoren, Osakidetzak Aretxabaletan une honetan mendekotasuna duten 146 pertsona, 46 ahul eta 505 sendo atzeman ditu.
Espero diren emaitzen artean, honako hauek nabarmentzen dira: gizarte- eta osasun-zerbitzuen arteko koordinazio handiagoa, adinekoen kopurua handitzea balorazio multidimentsionalarekin eta plan pertsonalizatuarekin, saihestu daitezkeen instituzionalizazioak murriztea eta, azken batean, herritarren autonomia, bizi-kalitatea eta ongizatea nabarmen hobetzea.
POBAk hauskortasunaren prebentzio aktiboaren aldeko apustu irmoa egiten du, erorikoak, polifarmazia edo narriadura kognitiboa edo bakardade kasuak bezalako arriskuak garaiz identifikatzeko, eta autonomia mantentzera eta mendekotasun-egoerak atzeratzera bideratutako programa pertsonalizatuak garatzeko.
Iazko uztailetik
Uztailean hasi zen jardunean Aretxabaletako zentro soziosanitarioa, Gipuzkoako 7.000 biztanleri baino gehiagori zerbitzua emateko. Osasun Sailak bost milioi euro inguru inbertitu dituen baliabide berri hori, lau solairutan banatuta dago, eta horietatik hiru osasun-arlora soilik bideratuta daude, 21 kontsulta-gelarekin. Azken solairuan udaleko gizarte zerbitzuak daude.
Herritarrendako batzarra
Aretxabaletako zentro soziosanitarioaren gaineko azalpenak emateko, funtzionamenduaren nondik norakoak azaltzeko eta gunea bera ezagutzeko batzarra egingo dute herritarrekin. Urtarrilaren 22an izango da, Karmele Igartua aretoan, 18:00etan.