Poesia izan da aurtengo Karmele Igartua sorkuntza bekaren literatur generoa. Hamasei lan aurkeztu dira, erdiak pasa dira azken irakurraldira eta epaimahaikideek –Pako Aristi, Itziar Gomez eta Felipe Juaristi idazleak eta Tere Irastorza Bergarako Idazle Eskolako zuzendaria eta epaimahaiko idazkaria–, aho batez, erabaki dute saria Maitane Ariztiri ematea. Adierazi dute lan hori irakurtzea "plazer handia" izan da eurendako: "Originala , umoretsua, erritmo bizia du, eta. hizkera are biziagoa. Egitura konplexua du, baina irakurterraza. Bitxia bezain gustagarria".

"Oso pozik" jaso du saria urretxuarrak. Lanaren abiapuntua istripu bat izan dela adierazi du ekitaldiaren amaieran: "Poesian eta ipuingintzan jarduten du Ariztik normalean, hor dagoela "eroso" dio berak. Beka irabazi duen lanaren abiapuntua: "Etxean istripu baten ondorioz egin beharreko egonaldi luze bat izan da abiapuntua". Eta deskargak horrekin du zerikusia, egun batetik bestera zure burua etxean ikusi eta atzean uzten duzun "deskarga" horrekin du lotura".
Urretxun jaioa, Gasteizen bizi da Maitane Arizti Ugarteburu. Itzulpena eta interpretazioan eta frantses filologian graduatua da. Itzultzailea eta interpretaria da. Egun, EHUn dihardu irakasle eta ikertzaile moduan lanean. Literatura arloan zenbait sari eskuratu ditu, batez ere ipuingintza eta poesia modalitateetan; bi genero horietan "eroso" sentitzen dela dio berak. Aurten bertan Pasaia Hiria lehiaketan bigarren saria irabazi du poesia alorrean.
Irabazleak 2.500 euroko saria irabazi du eta lana www.idazten.com orrian argitaratuko da, aurreko urteetako lan irabazleena bezala.
Karmele Igartua aretoan
Arkupen egin ohi izan dira aurreko Karmele Igartua bekako sari-emate ekitaldiak. Aurten, baina, hamabosgarren aldian, Gari Iturbe alkateak adierazi duen moduan, Karmele Igartua izena duen aretoan izan da ekitaldia. Igartuak idatzitako hainbat poemen pasarteak irakurri dituzte amaieran, gainera, harten etxekoek, idazle eskolako ikasleek eta Ibai Zangitu zinegotziak.
Edizio bakoitzak genero bat izaten du, Igartuak ere genero ezberdinak idazten zituelako. Aurtengoa poesia izan da, eta hurrengo urtekoa podcasta izango da, irratirako audio edo gidoi bat idaztea. Sortzaile gazteak ere erakarri gurako lituzkete genero honekin.