2026ko aurrekontuaren nondik norakoak honela azaldu ditu Garikoitz Iturbe alkateak: "Bitan banatu dugu aurrekontua. Orain onartutakoarekin eguneroko gastuei eta inbertsio batzuei egingo diegu aurre, eta ondoren, martxoan, behin 2025eko itxiera eginda, kreditu txertaketa egingo dugu, soberakinetik dirua hartuta. Aldundiarekin egindako plan ekonomiko bati jarraiki izango da hori. Eta orduan, bigarren hiruhilekorako aurreikusitako inbertsioetarako sartuko dugu dirua".
Gastu arrunt batzuk nabarmen igo direla azaldu du: "Pertsonal gastuak, esaterako, gora egin du. Batetik, Uretz Gain zaharren egoitzako langile izandakoak berriro Udaren plantillara itzuli direlako, eta, bestetik, herriak behar dituen hainbat proiektu aurrera ateratzeko jendea sartu dugulako, proiektu horiek bizkortzeko".
Zaintza eta instalazioak
2025ean dagoeneko hainbat "hobekuntza lan" egiten hasita daudela gogorarazi du Iturbek; asfaltatze lanak, esaterako. Eta orain, agintaldirako zehaztutako proiektuekin jarraituko dutela gaineratu du. Zaintza ekosisteman jarri du arreta, eta horren barruan diruz hornituko diren hainbat proiektu nabarmendu ditu: etxez etxeko zerbitzua hobetze aldera langileen baldintzak hobetzeko 600.000 euro; larrialdiko etxeen konponketa lanetarako 50.000 euro, hasiera batean; zerbitzu soziosanitariora bideratuta 90.000 euro; Uretz tabernan adineko pertsonentzako jantokia martxan jartzeko 20.000 euro; eta ongizate emozionala lantzeko psikologia zerbitzua martxan jartzeko partida.
Herriko instalazioak "hobetzeko" apustua ere egin gura du Udal Gobernu Taldeak. "Kirol instalazioei dagokienez, pilotalekuaren aurreproiektua jasoko dugu laster, eta horren exekuzioa 2026rako aurreikusi dugu, 500.000-600.000 euro ingururekin. Eta kiroldegi aurreko aisialdi-gunerako beste 500.000 euro zehaztu ditugu, ur-txorrotentzat eta padel pistarentzat". Horiez gain, beste instalazio batzuei ere erreparatu diete: udaletxeko igogailua; kuarteleko egokitzapenak; Iturrizar plazako igogailua; autobus geltokietan hobekuntzak…. "Umeen jolas parkeak berritzeko ere partida garrantzitsuak jarri ditugu; orain 70.000 euro eta ondoren beste horrenbeste jarriko dira". Eta hainbat urbanizazio lan egingo dituztela iragarri du Portasolen, Lausittan eta erdigunean, hain zuzen ere.
Era berean, adierazi du trantsizio ekologikorako bidean pausoak ematen jarraituko duela Udalak: "Ederlaneko beroa aprobetxatzeko sistemara 250.000 euro bideratuko dira. Eta herriko argiteria publiko osoa LED izatera pasatuko da".
Inbertsio esanguratsuenak
Inbertsio aipagarri batzuk hemen zerrendatuta; hasierako aurrekontua lehenengo, eta martxoan txertatuko den kopurua gero.
Lanak // Hasierako aurrekontua // Martxoko txertaketa
- Pilotalekua egokitzea: euro bat // 600.000 euro
- Hezkuntza eraikinetan inbertsioak: euro bat // 400.000 euro
- Urbanizazio lanak: euro bat // 450.000 euro
- Udaletxeko igogailua: euro bat // 270.000 euro
- Ederlaneko beroa aprobetxatzea: euro bat // 250.000 euro
- Azbeko lokaleko egokitzapenak: euro bat // 200.000 euro
- Lausitta kaleko proiektua: euro bat // 120.000 euro
- Mugikortasun Planaren exekuzio lanak: euro bat // 100.000 euro
- Kuartelaren hobekuntzak: euro bat // 100.000 euro
- Iturrizar plazako igogailua: 70.000 euro // 70.000 euro
- Umeen parkeen inbertsioak: 70.000 euro // 70.0000 euro
- Larrialdietarako pisuak egokitzea: 50.000 euro // 50.000 euro
- Autobus geltokietan inbertsioak: euro bat // 50.000 euro
- Landa finkak erostea: euro bat // 30.000 euro
- Basabeazpi aurreko plaza eta estalkia: 18.200 euro
- Padel pistak: 18.200 euro
- Baserri bideetan inbertsioak: euro bat
- Erreka inguruko proiektua: euro bat.
- Beste batzuk.
-
Guztira: 226.415 euro // 2.760.000 euro martxoan
Jeltzaleek, bederatzi ekarpen
EAJren Udal Taldeak ez du babestu aurkeztutako aurrekontua, eta abstenitu egin da. Mikel Uribetxebarria bozeramailearen esanetan, soberakina mugatua da, eta, ondorioz, baita inbertsioak egiteko gaitasuna ere: "Gastu orokorrak eta dirulaguntzak kontuan izanda inbertsiotarako geratzen den dirua gutxi da; oraingo kasuan, milioi erdi euro ingurukoa. Horrek esan nahi du aurrera begira esfortzu bat egin beharko dela inbertsioak egin gura badira. Martxoan kreditu aldaketa egingo da, bai, baina hori da posible aurretik soberakin bat zegoelako".
Era berean, bederatzi ekarpen egin dizkiote jeltzaleek aurrekontuari: haur-eskola partzuergoan integratzeko egokitzea; oinezkoentzako pasabideetako argiztapena indartzea; Plan Orokorraren prestaketan aurrera egitea; auzoetako bideak hobetzea –Ametzakoa, esaterako–; eraikinen fatxadak garbitzeko partida izendatzea; frontoiaren exekuzio proiektua egitea; Lausittako Hornidura eta Saneamenduko Plan Bereziaren lanetarako (PEAS) urbanizazio-proiektua egitea; komentuaren eta Iturrizar plazaren arteko zubiaren proiektua idaztea; eta argazki zaharren artxiboa berritzea eta hari balioa ematea. Dena den, positibotzat jo dituzte proiektu soziosanitarioari eta autonomia sustatzeari bideratutako aurrekontu-partidak.
Eta gaineratu dute: "Aurrekontuak izan behar du tresna erabilgarria, errealista eta Aretxabaletarako zerbitzuak, inbertsioak eta etorkizuna bermatzeko pentsatua". Eta "proposamen eraikitzaileak" egiten jarraitzeko "konpromisoa berretsi" dute.