ALBISTEAK

XX. Gabonetako Emakumezkoen Txapelketa eta beste hainbat futbol hitzordu

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2025eko abenduaren 17a

Emakumezkoen Gabonetako Futbol Txapelketak bi hamarkada beteko ditu eta Ibarra futbol zelaian ospatuko da aurten ere. Arizmendik Kirol elkarteak antolatuta, abenduaren 29 eta 30ean, futbol zelaia neska taldez beteko da. Beste hainbat futbol torneo ere jokatuko dira gabonetan.

Atzo martitzena, aurkeztu zuten Aretxabaletako Ibarra Kiroldegian Gabonetako Emakumezkoen XX. futbol txapelketa. Aurkezpenean Gari Iturbe Aretxabaletako alkatea, Garbiñe Etxeberria Realeko Emakumezkoen Futboleko Kirol Zuzendaria, Mikel Aizpurua Arizmendi Kirol Elkarteko Koordinatzailea eta Goretti Maturana Arizmendi Ikastolako Lehendakaria izan ziren. Jada hogei urte pasa dira lehen txapelketatik eta orain erraza dirudien arren, argi utzi zuten emakumeen futbolean eraldaketa nabarmena eman dela eta horretarako lan handia egin dutela. 

Abenduaren 29an, goizeko 9:25etan hasita alebinen txanda izango da, 13:15etan, infantil maila eta 16:45etan, benjamin txapelketa. Hauek izango dira parte hartuko duten klubak: Aloña Mendi, Bergara, Uda-Arizmendi, Mondra, Real Sociedad, Goierri Gorri, klub hauetako batzuek talde bat baino gehiagorekin hartuko dute parte. Abenduaren 30ean, berriz, kadete mailako triangularra jokatuko da. Bailarako konbinatua, Gipuzkoako selekzioa eta Real Sociedad taldeak neurtuko dira bertan, eta txapelketa 10:00etan hasiko da.

Arizmendikoa "gazteak herritasunean hezten saiatzen" den kirol elkartea da eta gaur modalitate ugaritan banatuta, 350 kirolari baino gehiago hartzen ditu, horrek proiektu honetan sinisten eta lanean jarraitzen daramatzatela adierazi zuten. Txapelketaren helburu nagusia argi daukate: emakumeen futbola, hazten jarraitzea. 

Futbolaz harago, bi egunetan Ibarra futbol zelaian giro "ederra" sortzen dela adierazi zuten, herritar eta ingurukoei bertaratzeko deia eginez. 

Beste hainbat hitzordu

Gabonetako emakumezkoen txapelketaz aparte, beste hainbat torneo jokatuko dira Debagoienean. 

Alfredo Najera memoriala: Gazte mailako 35. Alfredo Najera Memoriala abenduaren 23an jokatuko da, Agorrosinen. Hasieran jokatuko zuen Baionako Aviron taldea, Beasainek ordezkatu du. 17:00etan hasiko da, Bergararen eta Beasainen arteko partidarekin, 18:00etan Beasain eta Real Sociedadek jokatuko dute eta 19:00etan amaituko da, Bergararen eta Realaren arteko neurketarekin.

XVI. Bixente Etxeandia: Ibarra futbol zelaian jokatuko da futbol eskola txapelketa. 26an, arratsaldez, lehen urteko benjaminak ariko dira; 27an, goizez, bigarren urteko benjaminak eta lehen urteko alebinak; eta 28an, goizez, finalak jokatuko dira.

XVIII. Txelis torneoa: Mondrak antolatzen duen Txelisen omenezko torneoa abenduaren 26an eta 27an jokatuko da, Mojategin, arratsaldez. 2013an jaiotako mutikoz osatutako hamasei taldek hartuko dute parte; tartean, Debagoieneko Mondra, Bergara eta UDA taldeak.

Alebinen Gabon torneoa: Abenduaren 28an jokatuko da, Agorrosinen, 10:00etan. Alebin kategoriako hamar taldek hartuko dute parte torneoan; tartean, Debagoieneko: Bergarak, Mondrak, Aloñak eta UDAk. Sari banaketa 13:00etan izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak