Aretxabaletako Gobernu Taldeak aurkeztutako agintaldi planaren garapena aurrera doa, eta horrek 2025ean hainbat inbertsio egitea ekarri du. Aurreikusita zegoen moduan, Espainiako legediak ezarritako gastu-arauaren mugak direla-eta 2026an plan ekonomiko bat martxan jarriko du Udalak.
Zaintza ekosistema
Zaintza eta gizarte politiketan, Udalak hainbat proiektu jarri ditu abian: adinekoentzako jantokia Uretzen, etxez etxeko zerbitzuaren hobekuntzak, emergentziazko etxebizitzen konponketak eta eskualdeko aterpetxea. Halaber, autonomia sustatzeko espazioa martxan dago komentuko gunean, eta zentro soziosanitarioko proiektua garatzen jarraituko dute. Bakardadearen gaia ere jorratuko dute, Aretxabaleta Mugi proiektua bultzatuz. "Proiektu hauekin guztiekin, pertsona nagusien sozializazioa, ongizatearen jarraipen integrala eta jarduera fisikoaren promozioa bultzatu nahi dira".
Kirol-guneen egokitzapena
Kirol azpiegituretan, berriz, Ibarra kiroldegi aurreko aisialdi-gunea ur txorroekin egokituko dute, eta padel kantxak eta kalistenia parkea osatuko dira 2026 eta 2027 artean. Gainera, frontoia berritzeko proiektua ere martxan, lanak 2026an hasi nahi ditu, pilota diziplina berrietarako lekua sortzeko.
Herriaren egokitzapena
Herriaren egokitzapena eta trantsizio ekologikoari dagokionez, udal-proiektuak hainbat eraikinetan eta plaza publikoetan ere eragin nahi du. Aurten udaletxeko igogailua jartzeko proiektua lizitatuko da, Andramari kantxako obra hurrengo urtean errealitate bihurtuko da, eta 2026an Kurtzebarri eskolako hobekuntzak, kuartela egokitzen jarraituko da… Horiek egingo dituzte. Energia berriztagarrien instalazioei dagokienez, bestalde, argiteria publikoaren %100 LED bihurtzea eta natura-baliabideen plan estrategikoa ere aurreikusi dute.
Parte-hartzea sustatzea
Ongizate emozionala eta hezkidetza ere funtsezkoak izanda, laguntza psikologikoa emango zaiela nerabeei azaldu dute Udal Gobernuko kideek. Gainera, auzo-alkateekin lankidetza indartuko da eta Emakume Etxea abiaraziko da, berdintasun politikak %60 handituta. Etorkizunerako, herri gisa erabaki estrategikoak hartzeko lanmahaiak sortzeko proposamena ere egin da.