Turkiako, Alemaniako, Poloniako eta Palestinako 12 eta 16 urte arteko hainbat neska elkartu ziren, aretxabaletarrekin batera, urriaren 6tik 12ra bitartean Poloniako Pisarzowice udalerrian. Urriaren 11an ospatzen den Nesken Nazioarteko Eguna dela-eta azken urteetan antolatu izan den topaketa da, eta bigarrenez hartu du parte Aretxabaletak. Oraingoan, honako hauek izan ziren: Eva Cabezudo, Haizea Galan, Maialen Gallo, Izadi Otadui, Uxue Oñederra, Nahia Garcia eta Mirari Alcaraz. Eta bi hezitzaile izan zituzten lagun: Alaitz Mendieta eta Garazi Fernandez. "Egonaldiaren helburua izan da hausnarketa eta esperientzia truke baten bidez neskak ahalduntzea", azaldu dute Udaleko Gazteria Zerbitzuko kideek. Hainbat lanketa egin zituzten horren harira: "Herrialde bakoitzean neska izateak zer esan nahi duen eta bizi dituzten egoerak eta erronkak partekatu zituzten". Aldi berean, aisialdirako, turismorako eta kultura ezagutzeko aukera ere izan zuten. "Egunero egin genituen tailerrak; esaterako, abortuaren gainean izan genuen solasaldia. Kultura ezberdinak ezagutu ditugu, gastronomia, hango eskola eta tokiak ere bai. Oso esperientzia polita izan da", adierazi dute nerabeek.
"Espazioa berreskuratzea"
Bidaiak beste helburu bat ere izan du: Aretxabaletako gaztelekuan neskek espazioa berreskuratzeko egitasmo baten lanketa. "Topaketan parte hartutakoek gaztelekuaren erabilerak aztertu dituzte, beharrak identifikatu eta neskentzat erakargarriagoa izango den espazio baten proposamena garatu dute, protagonismo handiagoa izateko". Horren harira, hainbat ekintza antolatu dituzte, eta asmoa da neska-mutil guztiek parte hartzea, "berdintasunaren eta elkarbizitzaren aldeko urratsak egiteko".
Gaztelekuko egitaraua
- Azaroak 9: Nazioarteko sukaldaritza: Polonia.
- Azaroak 13: ZeramiKa eta Tote bag tailerra.
- Azaroak 23: Tertulia feminista
- Azarak 30: Manikura tailerra
- Abenduak 14: Nazioarteko sukaldaritza: Suedia eta Danimarka.
- Abenduak 19: Afaria eta disko festa.