Joseba Martin: "Kulturismoan helburua garbi izatea da garrantzitsua"

Xabier Urtzelai 2025ko urr. 24a, 12:00

NPC etxeak antolatzen duen Espainiako amateur mailako txapelketa irabazi berri du, eta domekan kulturista profesional bilakatzeko aukera izango du Joseba Martinek. "Irabazteko helburuaz noa Madrilera". Horrek zirkuitu profesionaletan parte hartzeko aukera emango lioke aretxabaletarrari.

Gaztetan Joseba Martin Garcia (Aretxabaleta, 1998) ez zen oso kirolzalea. UDAn egin zituen pare bat urte, oraindik haurra zela, baina berehala konturatu zen ez zuela futbola oso gogoko. Pandemia aurretik hasi zen etxean ariketa fisiko apur bat egiten, eta elikadura zaintzen; alegia, ohitura onak hartzen. Eta pandemia baliatu zuen dinamika on hari jarraipena emateko. Ondoren etorri zen gimnasioa lehenengoz zapaltzea, edota entrenatzailearekin lanean hastea. Bospasei urte pasa dira gorputza lantzen hasi zenetik, eta domekan kulturista profesional bilaka daiteke. Hasteko, joan den asteburuan Espainiako txapelketa irabazi zuen Madrilen, natural kategorian: ez ditu esteroide anabolikoak edota hormona eragileak erabiltzen. "Ez dut muga hori gainditzeko asmorik", adierazi du aretxabaletarrak. Alegia, ez du sekreturik: elikadura eta gimnasioko lan zorrotza. Tira, eta oso genetika ona.

Zer-nolako hastea dabil izaten?

Nahiko estu nabil. Lan egiteaz batera bi txapelketa izango ditut jarraian, eta hori ez da erraza. Baina urtebete daramat gorputza txapelketetarako prestatzen, eta bereziki azken sei hilabeteotan hitzordu horietarako ibili gara lanean. Esango nizuke azken hilabeteak kobazulo batean sartuta egon naizela [Barre], baina helburu garbia daukagu, gure bertsiorik onena eman nahi dugu; horrenbestez, motibatuta nago.

Aste barruan, Aretxabaletako gimnasioan.

Zelan iritsi zara honaino? Alegia, noiz erabaki zenuen kulturista izan nahi zenuela?

Pandemia baino apur bat lehenago hasi nintzen ariketak nire kabuz egiten eta elikadura zaintzen. Etxean egiten nituen ariketak, ideia garbirik izan gabe. Eta ondoren, lagun batek animatu ninduen gimnasioan hastera. Baina esango nuke inflexio puntua Alemanian egin nuela. 2023an sei hilabetez egon nintzen bertan ikasketak amaitzen –Ingeniaritza eta Telekomunikazio gradu bikoitza du–, eta han ordu asko egin nituen gimnasioan. Bada, hango gimnasioan ezagutu nituen bi lagunek esaten zidaten txapelketetan parte hartzen hasteko moduko gorputza neukala, eta handik bueltan jarri nintzen buru-belarri kontu horrekin. Hausnarketarako tarte bat hartu nuen, kulturismoan zer lortu nahi nuen ondo erabakitzeko, eta ondoren hasi nintzen Gaizka Zarate prestatzailearekin lanean.

Eta zein da duzun helburua?
Badago txapelketetara ondo pasatzera joaten den jendea, esperientzia hori bizitzera. Ez da nire kasua. Nik garbi daukat zertara noan, eta da irabaztera. Zerbaitetan hasten banaiz gustatzen zait gauzak behar den moduan egitea, nire onena emanda. Domekan Aranjuezko (Madril) kasinoan dugu NPC (National Physique Committee) erakundeak antolatzen duen nazioarteko torneoa, eta irabazleek profesional izateko txartela eskuratuko dute. Horrek Mister Olympia edota Arnold moduko torneoetako ateak zabalduko lizkidake. Horren bila goaz.

Kulturista profesional bilakatzeak zenbateraino aldatuko luke zeure bizimodua?
Seguruenik, ez luke aldaketarik ekarriko [Barre], berdin joan beharko nuke lanera. Baliteke sponsor edo babesleak izateko erraztasun handiagoa izatea, baina gaur egun horrek sare sozialetan egiten den lanarekin zerikusi handia du, eta ni ez nabil horretan, gimnasioko lanean nago buru-belarri.

Bide batez, zertan diharduzu lanean? Izan ere, kulturista izateko edozein lanbide ere ez da bateragarria izango.

Tira, badaude lantegian lan egiten duten kulturistak. Baina bai, txandaka lan egitea, neke fisikoa pilatzea... ez dira lagungarriak. Nik zorte handia dut, etxean ordenagailu aurrean egiten dudalako lan. Aplikazioak egiten dituen enpresa bat sortu dugu hiru lagun ingeniariren artean, eta, esaterako, ohitura osasuntsuak sustatzen laguntzen duen Wellk izeneko aplikazioan dihardugu lanean.

Ohitura osasuntsuak aipatu dituzu; Natural izeneko kategorian hartzen duzu parte, baina kulturismoan kimika erabiltzen duenik ere bada.

Bai, nik oso garbi daukat Natural kategoriako kulturista izango naizela, eta, gainera, ederrena dela uste dut, emaitzak laguntza kimikorik gabe lortzen direlako. Esaterako, joan den asteko txapelketako irabazleei dopin-proba egin ziguten. Hala ere, nahiz eta garbi lehiatu, oso garbi daukat nik egiten dudana ez dela osasuntsua; alegia, txapelketak prestatzeko egin behar den lana ez da gorputzarendako ona. Hasteko, edozein kirol jarduera elite mailara eramaten duzunean, emaitzen bila gorputza mugara eramaten duzunean, horrek osasuntsu izateari uzten dio. Esaterako, orain momentuan nire gorputzaren gantz portzentajea %5 eta %6 artean egongo da, gutxi gorabehera, eta hori oso gutxi da. Beste kulturista batzuek kimika erabiltzearen aldeko hautua egiten dute –produktuak legez kanpokoak dira–, eta horrek askoz eragin handiagoa du pertsonon osasunean. Ez dut esaten ez dutenik meriturik; kontrara, kimika hartuta ere sekulako lana egin behar dute gimnasioan. Baina nik ez dut muga hori gainditzeko inongo asmorik. Ez orain eta ez etorkizunean. Are gehiago, nahiz eta kimika gabe lehiatu, ondo hausnartu dut txapelketetan hastearen gainean.

Zelakoa da zure egunerokoa?

Lehen aipatu dut azken lau hilabeteak kobazulo batean egin ditudala, eta egia da: lana, entrenamendua eta atsedena. Lan, normalean, etxetik egiten dut, nahiz eta tarteka batzarrak eta halakoak izaten ditudan. Aste barruan, esaterako, Donostiara joan behar izan dut. Eta ondoren, astean bost entrenamendu-saio egiten ditut gimnasioan: astelehenean tiraketak egiten ditut, bizkarra lantzeko; astearteetan bultzadak egiten ditut, bularraldea lantzeko; asteazkenetan hanketako ariketak egiten ditut; eguenetan atseden hartzen dut; egubakoitzetan gorputz-enbor osoa lantzen dut; larunbatetan hankak lantzen ditut berriro ere; eta domeketan atseden hartzen dut. Errutina horretan murgilduta ibili naiz azken hilabeteotan.

Joan den astean, Aranjuezeko Kasinoan egindako Espainiako txapelketa irabazi berritan. 

Eta elikadura dago, bestalde.

Bai, eta hor ere ez da gauza bera txapelketak prestatzen buru-belarri ibiltzea edo ez. Hau da, txapelketa prestatzen nabilen denboran dieta itxia izaten dut; nire prestatzaileak prestatzen dit zer eta zenbat jan behar dudan. Eta, prestaketa fasetik kanpora, makronutrienteak zehazten dizkit, baina ez zer jan behar dudan, hori nik egokitzen dut. Zorionez, platerean janari dezente izaten dut; alde horretatik, zortea daukat, ez dut gose handirik pasatzen. Baina azken bolada hau gogorra izan da, konturatzen zara umorea aldatzen zaizula, txarrera [Barre]. Eta gauetan ere sarritan gosez esnatzen zara, egun osoa ematen duzu nekatuta. Txapelketa aurreko asteak gogorrak dira, horregatik diot hau ez dela osasuntsua. Zorionez, genetika ona dut, eta gantz portzentajea jaisteko beste batzuek baino erraztasun handiagoa daukat.

Zer behar da txapelketa bat ondo prestatzeko?
Gauza asko nabarmenduko nituzke, baina bistan dago zorrotza izatea ezinbestekoa dela; diziplina handia behar da, bai entrenamenduekin eta baita elikadurarekin ere. Eta ondoren, niretako funtsezkoa da egonkortasun emozionala izatea, eta, alde horretatik, zorte handia daukat. Nire bikotekideak ematen dit egonkortasun hori, eta baita etxekoek ere; badakite zertan nabilen eta euren babesa daukat. Euren laguntza gabe ezinezkoa izango litzateke. Bestalde, prestatzaile on bat izatea ezinbestekoa da. Joan den astean, esaterako, Gaizkak asko lagundu zidan. Txapelketetan ibilitakoa da, eta truku asko ezagutzen ditu. Esaterako, egunean bertan zer jan, txapelketan mugimenduak zelan egin, zeri eman garrantzia... Azken batean ikuskizun bat da, eta joan den astean oso kontzentratuta egon nintzen egin beharreko mugimenduetan, akaso larregi. Gehiago gozatzea falta zitzaidan, irribarre bat egin eta lasaitzea, baina nire lehenengo txapelketa zen, eta hor norberaren izateko moduak ere zerikusia du. Oraingo domekan ikasgaia ikasita noa, eta lasai nago, egia esan.

Zure gorputzetik zer gustatzen zaizu gehien? Eta gutxien?

Hankak lantzea kostatzen zait gehien, baina, aldi berean, nire gorputzetik horixe nabarmenduko nuke. Eta, akaso, bizkarraldea landu behar dut gehiago. Tira, beti dago zer landu, baina bizkarraldea esango nuke, bai.

Zer esango zenioke honetan hasi nahi duen gazte bati?

Garbi izateko zer lortu nahi duen, zein den haren helburua. Fisiko ona izan nahi duen, txapelketetara joan nahi ote duen, eta baldin badoa zertara... Helburua garbi izatea garrantzitsua da kulturismoan.

Domekan profesional izateko txartela lortzen ez baduzu, zein da hurrengo pausoa?

Badakit kulturista profesional izateko moduko fisikoa daukadala, ez dut harrokeriaz esaten, halaxe da, eta honetan dihardutenek ere halaxe onartzen didate. Baina posible da nazioartetik gu baino hobeto dagoen norbait etortzea eta hark irabaztea. Ez da ezer gertatuko, gu lanak eginda joan garelako. Zentzu horretan oso lasai nago. Gainera, epaileen iritzia ere subjektiboa da, hortan, ikusiko dugu. Baina helburua lortuko ez banu, eta gorputza puntu honetan izanda, nazioarteko beste txapelketaren batera aurkeztuko nintzateke. Datozen asteotan badakit Portugalen eta Italian badaudela domekakoak moduko txapelketak, eta saiatu egingo nintzateke. Behin honaino iritsita...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak