Gaur eguerdian, Aretxabaletako plazara gerturatu eta festa zen nagusi Aratzek eta DebaTeak antolatutako I. Inklusio Egunean. Musika lagun, haur eta gazteek hainbat eskulanetan eta jokotan parte hartu ahal izan dute. Txosna ere jarri dute, eta paella ere prestatu dute bazkalordurako.
DebaTea elkarteko presidentea da Deiane Madinabeitia, eta adierazi du lehendabiziko aldiz, bi elkarteek halako egun bat antolatu dutela, gaitasun ezberdinak dituen kolektibo bat dagoelako, eta haiek merezi dutelako ikusgarritasuna edukitzea: "Merezi dute gizartea konturatzea euren beharrak dituztela, euren ilusioak dituztela beste edozein pertsonak bezala, lana behar dutela, ikasketak behar dituztela, aisialdian integratuak izan behar dutela... Jai giroan aldarrikatzeko modu bat da".
Aratz elkarteko kide Unai Elkorok dio, "normalizatze aldera" antolatu dutela eguna. "Gure seme-alabak beste edozein modukoak direla ikustaraztea nahi dugu, eta horretarako da egun hau. Azkenean, herri txikia da, eta abantaila hori badaukagu".
Berdintasun aldarrikapena
Madinabeitiak azpimarratu du, besteak beste, autismoa eta adimen urritasuna dutenen kolektiboak ez direla ikustarazten: "Berdintasunaren aldeko politikak ikusten dira, baina berdintasuna ulertzen da gizonezko eta emakumezkoen artean, etorkinei laguntza emanaz... Baina gu ez gara ateratzen. Ikusten dugu ez direla politikak egiten pertsona hauei laguntzeko, eta hori aldarrikatu nahi dugu".
Eskerrak eman dizkiete herritarrei ekitaldian parte hartzeagatik. "Horrelako gauzak egiten ditugunean jendea animatzen da, hurbiltzen da eta eskuzabaltasuna ikusten da. Eskertzekoa da hori".