Andramari plazako obrak bi fase ditu: lehenengoa, Andramari garaje-komunitatekoa, et, gero, Udalak egingo duen berrurbanizazio proiektua. Garajeetan kanpotik sartzen zen uraren ondorioz sortutako egoera ikusita, Andramariko garajeen jabeek iragazgaizte proiektu bat martxan jartzea erabaki zuten. Horrekin batera, 2024ko apirilean Udalak Andramari plaza urbanizatzeko proiektua enkargatu zuen. Proiektu hori ia osorik amaituta dago, baina garajeen komunitateak sustatutako lanen ondorioz azaleko zatian izandako aldaketek eragina izan dute urbanizazio-lanetan.
Berrurbanizazio aurreko fasea
"Bi fase dituzte lanek: lehenengo fasea bizilagunak ari dira egiten; bizilagunek garajeetan itoginekin dituzten arazoak konpontzen ari dira, eta gero, araudira egokitzeko lanak. Hori bukatutakoan, Udalak plaza urbanizatuko du, baina, tartean, bi proiektuak ukitzen dituen eremu bat dago: gainazalarena. Lan horiek egiteko hitzarmen bat sinatu du Udalak bizilagunekin", adierazi du Ion Albizuk, Aretxabaletako Udaleko Hirigintza zinegotziak. Andramari plazako lanak egiteko izandako konplexutasun teknikoengatik eta Udalaren aparkaleku komunitarioak hobetzeko interesagatik, bi aldeek hitzarmen bat sinatu dute. Hitzarmen horrek Udalaren 118.500 euroko ekarpena izango du, garajeen azaleko geruza gauzatzeko lanetarako. Plaza berriaren proiektua garajeen egokitzapena amaitu ondoren egingo da.
Plaza berriaren proiektua
Plazaren berrurbanizazioak 325.000 euro inguruko aurrekontua izango du, eta lanak egingo dituen enpresa Udalak hurrengo asteetan argitaratuko duen lizitazioaren irabazlea izango da. Lanei dagokienez, kirol-eremuko eremuan azalera osoa egokituko da, barne hartuta kirol-elementuak, loreontziak, harmailak eta gainerako hiri-altzariak. Bertako espazioa ahalik eta polibalenteena izatea nahi du Udalak, eta kirol-pista soilik izatea gabe, bereziki zaindu dute irisgarritasuna eta beste plaza eta kaleekin duen konexioa.
Eroski zaharraren eta Ilargi plazaren arteko kaleari dagokionez, plataforma bakarreko kale bihurtuko da, Mitarte kalearen antzeko estetika eta funtzionamendua izango duena, oinezkoei lehentasun eta segurtasun handiagoa emanez.