Martxan da Karmele Igartua sorkuntza lehiaketa, eta poesia da aurten landuko den literatura generoa, aldatu egiten baita urtero, antolatzaileek adierazi dutenez. "Edizio bakoitzean gai bat jorratzen da; iaz, adibidez, ipuinak izan ziren, eta aurten poesia landuko da; gainera, kontuan hartu behar da Karmele Igartua poesian erreferente bat izan dela", adierazi du Itziar Gomezek, Bergarako Idazle Eskolako kideak.
Parte-hartzaile bakoitzak lan bat aurkezteko aukera du, baina, horretarako, badira bete beharreko baldintza batzuk: 16 urtetik gorakoek har dezakete parte, eta lanak euskarazkoak eta originalak izan behar dira, 500-800 lerro artekoak. Lanak posta elektronikoz aurkezteko azken eguna azaroaren 23a da, eta posta arruntez, berriz, azaroaren 24a.
Epaimahaiaren lana izango da ondorengoa, abenduaren 20an banatuko den 2.500 euroko saria nork irabaziko duen erabakitzeko ardura izango baitu: "Felipe Juaristi idazleak, Pako Aristik eta nik osatuko dugu epaimahaia, eta gauza asko hartzen dira kontuan: originaltasuna, zer mugitzen duen... lana izaten da, baina, aldi berean, polita; gainera, azken urteetan kalitate maila oso ona izan da, eta baita partaidetza kopurua ere. Horrek ere motibatzen gaitu", azaldu du Gomezek.
Idazle berriendako plaza
Udalak, Karmele Igartua lehiaketak hamabosgarren aldia duen arren, bederatzi urte daramatza antolaketa lanetan, eta horren helburuaz jardun du Ibai Zangituk, Kultura zinegotziak: "Guretako oso garrantzitsua da horrelako lehiaketa bat egotea Aretxabaletan: sortzaile berriei lehenengo pausoa emateko aukera ematen diegu askotan, erreferente berriak sortzeko bide ere ematen du, eta bada Karmele moduko erreferente bat gogoan edukitzeko aitzakia bat ere".
2010eko abenduan hil zen, hain zuzen ere, Karmele Igartua poeta aretxabaletarra, eta haren omenez jarri zioten izena sorkuntza lehiaketari.