Kuartela kultur elkarteak ez du bere hastapenetatik herriarekin izan duen harremana galdu nahi, eta horretarako, besteak beste, Kuartela Otala Zelaira jaia ospatzen dabiltza gaur, zapatua. Ez da horrelako jai bat antolatzen duten lehen aldia. 2019an, 2022an eta 2024an Herrixa Kuartelera izeneko egitasmoa eraman zuten aurrera, herritarrei Kuartelera bertaratzeko gonbita luzatuaz. 2023an, planteamenduari buelta eman eta Kuartela Herrira ospatu zuten, Aretxabaletako txoko ezberdinetan. Aurten berriz, auzoetan jarri nahi izan dute fokua, herriko sortzaileen taupada Otala Zelaira eramanaz. "Kuartelean dauden sortzaileek herrian presentzia bat izatea nahi izaten dugu, oholtza bat eskaintzea. Zentzu horretan urtero antolatzen dugu jaialdi bat, eta aurten guri kalera irtetea egokitu zaigu, gu herrira hurbiltzea", azaldu du Kuarteleko zuzendaritza batzordeko kide den Andoni Lapuertak.
Egun osoko egitaraua antolatu dute. Bertan, herriko sortzaileak izan dira protagonista. Jonflan&Beñat bikotearen emanaldiarekin eman diote hasiera jaiari. Bazkariaren txanda izan da hurrena, eta hau amaitutakoan, Troxka Dantza taldearen lehen emanaldiaren txanda heldu da. Amaitzeko, Bogside; Ateri; eta Orei taldeak oholtzaratu dira.
Zuzendaritza batzorde berria martxan
Kuartelaren egoera ona dela azaldu du Lapuertak: "Gaur egun 130 erabiltzaile inguru egongo gara. Lokal guztietan dago bizia, eta mota ezberdineko proiektu asko daude martxan. Musika taldeak dira gehien bat, baina, esaterako dantza taldeak ere badaude, baita beste mota batzuetako sortzaileak ere. Orain bertan Kuartela oso bizirik dagoen proiektu bat da".
Proiektua bizirik dagoenaren froga da zuzendaritza batzorde berri bat ostu izana. Iker Martinez, Josu Irure, Eñaut Zubizarreta, Beñat Abasolo eta Peio Uribetxeberriak osatzen zuten batzordea, eta orain Andoni Lapuerta, Gari Barandiaran, Julene Rosado, Markel Perez eta Unai Iturriotzek hartu diete lekukoa. "Hiru urtero aldatzea tokatzen da, eta aurreko urtarrileko batzarrean izendatu zen zuzendaritza batzorde berria. Orain horri heltzen eta ahal den heinean proiektua aurrera eramaten gabiltza".
Troxka Dantza taldearen debuta
Egunak utzi duen momentu aipagarrietako bat Troxka Dantza taldearen lehen emanaldia izan da. Taldearen parte diren Uxue Uribetxebarria eta Oihane Iturbek adierazi dutenez, taldekideak pozik gelditu dira lehen emanaldiarekin: "Giro ona egon da, kristoren eguraldia egin digu eta lekua primerakoa da. Gu gustura gelditu gara, pozik".
Taldearen abiapuntua partaideek dantza mundura itzultzeko zuten gogoa dela azaldu du Uribetxebarriak: "Gehienok umetan dantzan ibili eta utzitakoak gara. Gerora berriro dantzan hasteko gogoa sartu zaigu, eta dantza talde hau egin dugu, guk hasia, modu autodidaktan". "Dantzara itzultzeko gogoa geneukan, eta hau zen horretarako aukera bakarra". Izandako harrera onaren ostean, aurrera begira emanaldi gehiago izateko interesa erakutsi dute taldekideek.