Gainera, belaunaldien arteko harremanak sustatzea, ikasleen parte-hartze aktiboa bultzatzea eta zaintzaren zein bakardadearen arloko ekintzak garatzea da hitzarmen horren helburua, eta, horretarako, askotariko dinamikak egingo dituzte.
Saio teoriko-praktikoak
Urritik ekainera arte, Lanbideko ikasleek eta ASEko erabiltzaileek dinamikak partekatuko dituzte hamabostean behin, eta Erizaintzako ikasleekin saio terapeutikoak egingo dituzte; baita tailer praktikoak ere. Lanbide Eskolan bertan, berriz, bisita gidatua eta 3D esperientziak egingo dituzte, besteak beste.
Lurdes Mendia, Erizaintza arretako mintegiko irakasleak eta Menpekotasun Egoeran Daudenen zikloko irakasleak azaldu duenez, ASEko proiektua oso garrantzitsua da ikasleen garapenerako: "Lanketa honekin urte asko daramatzagu gure ikasleak eta herriko eragileekin elkarlanean. Honakoa proiektu bat gehiago da, guretzat erdigunean dagoena, gaur egun. Proiektuak gure ikasleak hamabostean behin etorriko dira ASEra, eta hemengo erabiltzaileekin ekintzetan parte hartuko dute, beraien ikasketak errealitatera eramateko testuingurua izanik".
Sinergiak sortzen
Garikoitz Iturbek, Aretxabaletako alkateak sinergiak sortzen jarraitzea oso garrantzitsua dela azpimarratu du: "Udalaren eta Lanbide eskolaren artean sinergiak sortu nahi ditugu, elkarrekin. Bidelagun izanda biok irabazten dugu, eta euren jakintza herritarrei transmititzea eta laguntzea ederra da".
Aintzine Mendia, Udal Gizarte langileak, berriz, adierazi du hitzarmena sinatu arren, eta orain arte moduan ekintzak egiten jarraitu arren, hitzarmen honetatik haratagoko proiektuak ere badituztela esku artean: "Hitzarmenarekin lotura eman diogu orain arte egin ziren ekintzei eta programa berri bati. Ekintzak, ASEko erabiltzaileen zerbitzuan egingo diren plan honetara bideratuko dira, baina, etorkizunera begira, zaintza ekosistematik eta bakardade proiektutik beste ekimen batzuetan ere parte hartzea nahi da".
ASEko ekintzekin batera, Lanbideko ikasleek GSR egoitzako eta Basotxoko erabiltzaileekin jarduerak egiten jarraituko dute, orain arte egin duten moduan.
Eremu berrian, goxo
Karmele Barrutia, ASEko Koordinatzaileak azaldu duenez, helburua kognitiboki, fisikoki eta harreman sozialak bultzatzea da. "Astean zehar ekintza ezberdinak egiten ditugu, betiko papereko ariketak, lengoaia, oroimena… lantzeko. Tablet-ak ere erabiltzen ditugu teknologia berriekin aplikazio ezberdinekin lanketa kognitiboa egiteko; eta gero, fisikoki ondo mantentzeko 50.minutu inguruko saioak egiten ditugu. Atxabalta Mugi-kin ere ari gara elkarlanean, zirkuituak martxan jarriz, oreka… landuz eurak aktibo mantentzeko. Liburutegiarekin ere irakurketa erreza ere landu gura dugu… Hala ere, euren gustu eta nahien arabera ekintza ezberdinak diseinatzen joango gara".