Txartel gorri batek baldintzatutako partidua irabazi du UDAk (4-0)

Mireia Bikuña 2025ko ira. 27a, 13:56

Eibar C taldeko jokalari batek 20. minutuan ikusi duen txartel gorria izan da Ibarrako lehiako kakoa. Ordurako, Aretxabaleta aurretik zegoen markagailuan,  baina armaginak bat gutxiagorekin geratu ostean, arazo barik kontrolatu dute partidua etxekoek. Lau gol sartu dituzte, baina beste horrenbeste sartzeko aukera garbiak izan ditu Calzonen taldeak. 

Futbolean hamaikarekin baino hobeto hamarrekin jokatzen dela esan zuen garai batean Helenio Herrerak. Bada, hamarrekin jokatzen duten taldeek ezerezean utzi izan dute teoria hori. Horren adibide garbia, Eibar C taldeak Ibarran jokatu duen lehia. Jokalari bat gutxiagorekin geratu den unean, handi egin zaio futbol zelaia, eta ezin izan du UDAk goian egin duen presioa gainditu.

Areaz kanpokoko falta baten utzi du talde armagina jokalari bat gutxiagorekin.  Azken jokalaria zela ebatzi du epaileak eta txartel gorria erakutsi dio atzelariari. Ordurako, Aretxabaleta aurretik zegoen markagailuan, 13. minutuan Manex Ibarrondok lortutako golari esker.

Atsedenerako, erabakita

Bada, bat gutxiagorekin geratzeak, aurpegia aldatu dio partiduari. UDAk baloiaren jabetza hartu du, eta goian presio sakona eginez, baloi asko berreskuratzea lortu du. Ito egin ditu jokalari armaginak, baina kosta egin zaio markagailuan abantaila lortzea. Atsedenaren atarian, 44. eta 45. minutuetan,  sartu dituzte golak Markel Arosak eta Unai Belokik, lehia erabakita utzita.

Bigarren zatian oso gutxi aldatu da partiduaren itxura. UDA sendo eta Eibar, nahi eta ezin. Gainera, segituan sartu du laugarrena etxeko taldeak, Lucas Felipe Gomesek egindako gol ikusgarri batekin. 58. minutua zen.

Azken ordu erdia oso luze egin zaio Eibarri. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak